Operatibo berezia prestatu dute asteazkenerako, San Tomas egunerako

uriola.eus 2016ko abe. 19a, 11:10

Aurten ere abenduaren 21ean, asteazkena, San Tomasetako Azoka egingo da. Areatza eta Plaza Barriko ingurunea Euskal Herriko kaleko merkatu nagusi bihurtuko da berriro ere; 282 saltoki ipiniko dituzte eta barazkiak, gaztak, frutak, txakolina, sagardoa, taloa, baserriko ogia, eztia, animaliak, landareak, loreak eta gure baserritarren beste produktu batzuk, ez dira faltako. 

Udalak, besteak beste, honako neurriak programatu ditu San Tomasetako eguneko ohiko Azoka-Erakusketaren 69. ediziorako: herritarron segurtasuna eta bide publikoaren garbiketa indartzea; eman beharreko baimen guztien koordinazioa eta tramitazioa, Espazio Publikoaren Bulegoaren bitartez; saltokiak eta instalakuntzen baldintzak ikuskatzea osasunari nahiz higieneari dagokienez; Bilbobusen hainbat lineatan aurreikusitako aldaketak; eta geraleku berriak prestatzea. Erabaki horiekin, San Tomasetako Azoka Gabonetako Bilboko ekitaldi maitagarri eta jendetsuenetarikoa izaten jarraitzeko asmoa dago.

Egun osoan eta, batik bat, eguerdian, Alde Zahar eta Areatza ingurura jende ugari hurbiltzea espero dute eta ondorioz, Udalak garraio publikoa erabiltzea gomendatu du.

Jai esparruak

Urtero bezala, Areatza izango da San Tomasetako Azokaren agertoki nagusia. Hori dela eta, Zingira kalearen, Erribera kalearen eta Areatzako Zubiaren artean dagoen jai-esparrua ibilgailuen trafikorako itxiko da, zirkulazioan Aste Nagusiaren antzeko murrizketak eraginez.

Areatzako Pasealekuaren jai-esparruan, guztira, baserritarrek egindako produktuak saltzeko 224 postu egongo dira. Bakoitzak 2,50 x 2,50 metroko neurriak edukiko ditu. Halaber, totem bat egongo da San Tomasetako Azoka antolatu duten erakundeen irudi korporatiboekin: Bilboko Udala eta BBK.

Plaza Barrian, berriz, baserritarren 58 saltoki jarriko dituzte. Kalkulatutakoaren arabera arabera joan litekeen jendetzarekin lotutako edozein arrisku gutxitzeko, Plaza Barrirako sarreran egoten diren edukiontziak kendu dira eta segurtasuneko langileak egongo dira bertaratuko direnen joan-etorriak kontrolatzeko.

Era berean, Plazara joateko arkupe bakoitzean sartzeko eta irteteko bide bana egongo da eta, azken hau, une guztietan jendea erraz ibiltzeko moduan egon behar izango da.

San Tomasetako saltokiak eta txosnak berdeguneak eta arboladiak ez zanpatzeko moduan kokatuko dira. Jarlekuak eta hiriko beste altzariak ez dira okupatuko.

Gainera, Arriaga plazaren ondoan, postu bat ipiniko da Kutxabanken egutegia banatzeko eta kaseta bat jostailuak jasotzeko.

Areatzako aterpeetan Segurtasuna Koordinatzeko Udal Zentroa jarriko da, babes zibileko langile, anbulantzia, laguntza sanitario, erizain eta Udaltzaingoaren agenteekin. Alde horretan, salaketak jasotzeko bulego mugikorra ere egongo da egun osoan, jai-esparruetako segurtasuna bermatzeko.

Handik metro gutxitara, hitzordu garrantzitsu honetara bertaratuko direnek Gabonetako Merkatu Txikia bisitatzeko aukera izango dute, Bailen kaleko balkoian.

Zirkulazio aldaketak

Zirkulaziorako itxitako kaleak (09:00-22:00, gutxi gorabehera): 

• Zingira (Ernesto Erkoreka plazaren parean).

• Erribera (Mesedeetako zubiaren parean)

• Areatzako zubia (Bailen kalearen parean)

Goizeko 11:00etara arte zama-lanak egiteko Zazpi Kaleetara sartzeko aukera egongo da, salbu bertaratutako jende-kopuruaren arabera hartu beharreko segurtasun-arrazoiengatik besterik egitea komeni denean. Halaber, aipatutako eremu horretan ibiltzen diren Bilbobuseko autobusen zerbitzua goizeko 09:00etara arte luzatu daiteke. Ordu horretan, aldaketek eraginpeko linea bakoitzerako programatutako ordezko ibilbideak ezarriko dira.

Bestetik, egunaren amaierara arte, autoak Bailen kaletik baino ezin izango dira sartu Erripa kalerantz. Gainera, garraio publikoak Bailen kaletik Plaza Biribilerantz biratzeko baimena edukiko du, bertaratutako jende-kopuruaren arabera hartu beharreko erabakiek horretarako aukera ematen duten bitartean.

Aparkalekuak

Kalea trafikorako itxi arren, Areatzako txandakako aparkalekura eta Epaltzaren alarguna, Prim eta Erribera kaleetako aparkalekuetara sartu ahal izango da. Plaza Barriko eta Prim-Dolaretxe kaleetako egoiliarrentzako aparkalekuak ere irekita egongo dira, Udaltzaingoak autoak ibiltzea oinezkoentzat arriskutsua dela iritziko duen unera arte.

Erkoreka plazatik bertara sartzea eragozten denetik, Prim-Dolaretxe kaleetako aparkalekuetara seinalistek adierazitakoaren bitartez sartu ahal izango da, Prim eta Aurrekoetxea kaleen arteko bidegurutzetik abiatuta.

Areatzako aparkalekuari dagokionez, Ernesto Erkoreka plazatik adieraziko da sarbidea. Horretarako, kono altuak eta zintak erabiliko dira, zenbait seinalistek lagunduta. San Nikolas plazaranzko sarrera-irteera itxita egongo da.

Bilbobus

Urtero legez, Areatzako jai-esparrua ixteak Bilbobuseko hainbat linearen ohiko ibilbidean aldaketa puntualak eragingo ditu: 03, 11, 22, 28, 30, 40, 56, 58, 62, 71, 72, 75, 77, 85, A1, A2, A5 eta A7.

Bilbobuseko autobusek lanegunetako ordutegi eta maiztasunak izango dituzte eta Gautxori zerbitzua goizaldeko 02:00etara arte ibiliko da.

Kenduko diren geralekuak

Ibilbide berrien ondorioz, ondorengo geralekuetan autobusak ez dira geldituko:

• Kale Nagusia, 8 (28, 72 eta A7 lineetarako)

• Zingira kaleko 5 zenbakiaren aurrean

• Epaltzaren Alarguna 1 / San Nikolas

• Areatza San Nikolasen aurrean

• Areatzako zubia

• Areatza/Arriaga

• San Nikolas 4

• Unamuno

• Prim 22 bis

• Prim 36.

Halaber, Bailen kalean behin-behineko geralekua ipiniko dute.

Aldaketa hauei eta ordezko ibilbideei buruzko informazio zehatzagoa dago aldatutako geralekuetan, www.bilbao.eus/bilbobus webgunean eta 010 (944 010 010) telefonoan.

Bizkaibus eta taxiak

Eremu honetatik ibiltzen diren Bizkaibuseko autobusen ibilbideetan aldaketak egongo dira kaleak trafikorako ixtearen ondorioz. Edonola ere, Bailen kaleko lineako abiaburutik autobusak erabateko normaltasunez irtengo dira.

Taxiei dagokienez, Areatza pasealekuko 4. zenbakiko geralekua ez da erabiliko eta bere ordez Mesedeetako zubian jarriko da geraleku berria.

Tranbia

Tranbiaren Areatzako zatian bildutako jende-multzoak Udaltzaingoaren iritziz bide-segurtasunerako arriskutsua izanez gero, EuskoTrenek Arriaga eta Pio Baroja geltokien arteko zerbitzua etengo du eta egoera horren araberako funtzionamendua antolatuko du, hau da, alde batetik, Atxuri eta Arriaga geltokien artean, eta bestetik, Pio Baroja eta Ospitalearen artean.

Hala egingo litzateke goizeko 10:30etik arratsaldeko 20:30era. Une horretan tranbia Areatzaren inguruetan ibiltzeko moduan egongo dela kalkulatu da.

Bilbon Bizi

Arriaga Plazako Bilbon Bizi puntuak zerbitzurik ez du emango egun osoan eta ezin izango da bizikletarik hartu ezta utzi ere. Gainontzeko puntuak normal funtzionatuko dute.

Herritarren segurtasuna

Segurtasunerako dispositiboa

Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun-dispositibo berezia jarriko dute abian, 200 agentek osatua, liskarrik eta egoera pikareskorik edo segurtasun gabeziarik gerta ez dadin.

Hartara, Auzo Poliziaren eta Ertzaintzaren Ikuskaritzetako uniformedun agenteak jai-esparruan ibiliko dira kaleko jantzita egongo diren agenteekin batera, bertaratutako jendearen artean segurtasunik eza eragin dezaketen ekintzei aurrea hartzeko, esate baterako, diru-zorroen lapurretak, borrokak edo ordena publikoaren aurkako bestelako ekintzak prebenitzeko.

Hala, kalez jantzitako agenteekin batera, Udaltzaingoak uniformedun patruilak ezarriko ditu, azokaren barruan eta Areatzako aterpeetan egongo den Segurtasuna Koordinatzako Udan Zentroan. Gainera, Ernesto Erkoreka plazan eta Plaza Biribilean kontrol finkoak egongo dira. Horrez gain, Babes Zibileko hainbat teknikarik segurtasunaren arloan indarrean dauden araudiak betetzea zainduko dute etengabe.

Elkarlanean Gurutze Gorriarekin, adingabekoak identifikatzeko eskumuturrekoak banatzeko

Herritarren Segurtasun Sailak Bizkaiko Gurutze Gorriak lankidetza-akordioa sinatu dute San Tomas egunean Bizkaiko Gazteen Gurutze Gorriko langileek, adingabekoak identifikatzeko eskumuturrekoak banatu ditzaten Areatzaren eta Plaza Barriaren inguruetan.

Udaltzaingoak egindako eskumuturreko horiek Areatzako aterpeetako Segurtasuna Koordinatzako Udal Zentroan jarriko den Gurutze Gorriko sorospen-postuan banatuko dira.

Agenteek eurek ere banatuko dituzte Koordinazio Zentroan bertan egongo den bulego mugikorrean eta Udaletxeko komisarian.

Adingabekoak galtzen badira identifikatzeko dira eskumuturrekoak. Adingabekoaren eskumuturrean jartzeko dira, arduradunak edo tutoreak hala eskatzen badu. Eskumuturreko horietan adingabekoaren izena eta abizena eta arduradunaren edo tutorearen telefonoa idatziko dira.

Osasun-dispositiboa

Osasun-dispositiboa ere Areatzako aterpeetako Segurtasuna Koordinatzeko Zentroan jarriko da.

Dozenaka lagunek osatuko duten dispositibo horretan beste hauek ere egongo dira:

• Aginte-postu aurreratua: hau izango da aginte-zentroa eta gaixoak, anbulantziak eta anbulantzietan eramateak koordinatuko ditu.

• Berehalako laguntzarako postua. Postu horren barruan emango dira laguntzak in situ.

• 3 anbulantzia: bi Gurutze Gorriarenak eta bat SAMURena.

• Gurutze Gorriko erizainak eta teknikariak

• SAMUReko erizainak eta babes zibileko langileak.

Iaz 18 laguni eman zitzaien laguntza berehalako laguntzarako postuan. Horietako 7 Basurtuko ospitalera eraman behar izan zituzten.

Sorospena 09:30etik 21:30era bitartean eskainiko da.

Gomendioak

Edonola ere, Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasun Sailak prebentziozko hainbat neurri hartzea aholkatzen du:

• Udaltzaingoak esandakoari kasu egitea, eta agenteengana joatea edozein larrialdi gertatuz gero.

• Diru-zorroa agerian ez eramatea, jakaren barruko edo praken aurreko poltsikoan gordetzea; zorroak, berriz, beti kontrolatzea (hobe da gorputzari erantsita eramatea kirtenetik zintzilik eramatea baino).

• Edonola ere, ezinbesteko agiriak baino ez eramatea komeni da, baina etxeko giltzetatik aparte gordeta.

• Lapurretaren bat jasanez gero, salaketa jarri Udaltzaingoan (telefonoa: 092) nahiz Ertzaintzan (telefonoa: 112).

Garbiketa

Mota honetako gertakizun jendetsuak ospatzerakoan dagoeneko ohikoa den bezala, Bilboko Udalak ahalegin berezia egingo du San Tomasetako Azokan hiria erabiltzeko egoera ezin hobean egoteko.

Obra, Zerbitzua, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailaren operatibo berezi hau aurretiko garbiketa lanekin hasten da. Aurreikusitakoaren arabera, lan hauek abenduaren 19 eta 20an egingo dira, Areatzan, Plaza Barrian eta Arriaga inguruetan. Eguaztenean bertan erabilera eta tamaina desberdinetako 340 edukiontzi egongo dira. Egun horretan aparteko arreta eskainiko zaio beirari eta zortzi lagun ibiliko dira kalean kokatutako beira jasotzeko ontziak eta lurrean utzitako beira bera jasotzen, hautsitako botilekin zauritzea saihestuta segurtasun handiagoa emateko. Abenduaren 22an, osteguna, garbiketa goizeko 6etan hasiko da.

Gainera, abenduaren 21ean eta 22an Itsasadarreko garbiketa zerbitzua izango da, uretara bota, jaurti edo erortzen den edozein motatako hondakinak kentzeko.

San Tomas eguneko garbiketarako operatibo berezia 120 lagunek osatuta egongo da astelehenetik egueneko 14:00etara arte, une horretan operatiboa amaituko delako. Errefortzu berezia egingo da eguaztenean bertan, San Tomas egunean.

Iaz 80 tona hondakin bildu ziren; horietako 21 beirarenak eta 54 gainerako motatakoak. 660 litro olio ere jaso ziren. Halandaze, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak gogorarazten dizue, kontsumo arduratsua egin behar dela eta hondakin bakoitza (zaborra, papera, ontzi eta beira) dagokion zaborrontzian utzi behar dela, bilketa selektibo egoki bat errazte aldera.

Elikagaien kontsumoa eta segurtasuna

Osasun eta Kontsumo Sailak teknikariek eta ikuskatzaileek elikagaien banaketa eta salmenta-puntuak bisitatuko dituzte San Tomasetako Azokak dirauen bitartean, indarrean dagoen araudia modu egokian betetzen dela bermatzeko eta bertaratutako guztien osasuna ziurtatzeko. 

Kontuak horrela, Merkatuen eta Elikagintza nahiz Sukaldaritzaren Ikuskaritzarako adituek eta Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegoak San Tomasetako Azokako saltoki guzti-guztiak ikuskatuko dituzte, Bilboko jatetxe, taberna eta kafetegiekin, Erriberako Azokako saltokiekin, hala nola elikagaiak, opariak eta Gabonetako produktuak erosteko gehien bisitatzen diren dendekin batera.

Udalak higienea eta osasuna kontrolatzeko ezarritako neurriez gain, Osasun eta Kontsumo Sailak kontsumo-jarrera arduratsua izatea aholkatu nahi du, horretarako, soilik behar-beharrezkoa dena erosita, erosketak mailakatuta, etiketak argiak izatea eskatuta edo “bidezko merkataritza" delakoaren produktuak kontsumituta (ingurumena, haurren eskubideak eta, gizon-emakumeen berdintasuna errespetatzen dituztenak).

Era berean, elikagaiak edota edariak saltzeko dagokion administrazio-baimenik ez duten saltoki edo dendetan erosketarik ez egitea eta konfiantzazko dendetara joaten jarraitzea aholkatzen da, bereziki, kontsumo-arbitrajeko sistemaren pean daudenetara (logotipoa denden sarreran ikusgai egoten da).

Aurreko urteetan bezala, txosnek eta janari zein edariak dastatzeko saltokiek erabilera bakarreko edalontzi eta platerak erabiliko dituzte. Gainera, salgaiak paper birziklatuko poltsetan emango dira, plastikozko poltsen ordez, izan ere, azken hauek ingurumenerako askoz ere kaltegarriagoak dira.