Daniel Ter-Sakarianen ‘Tribulaciones de un bilbaino’ liburuaren aurkezpena jasoko du Bidebarrietak

uriola.eus 2016ko abe. 22a, 09:55

Frantzian bizi den Daniel Ter-Skarian Arambarri idazle euskal-armeniarraren, Jesus Arambarri konposatzaile eta orkestra zuzendari bilbotarraren lobaren, Tribulaciones de un bilbaíno. A traves de dos guerras y algunos paises del vasto mundo (Ed. Chiado) liburu autobiografikoaren aurkezpen ekitaldia jasoko du gaur, osteguna, 18:00etatik aurrera, Bidebarrieta Kulturguneak.

Ekitaldia Felisa Sanz Udal Liburutegi Sareko zuzendariak aurkeztuko du.

Lana, egilea Frantziara heldu zenean hasten da, oraindik ume zela, Gerra Zibilean. Zailtasunak zailtasun, Danielek (Bilbo, 1927) ez zuen denbora galdu, eta eskolan hasi zen, frantsesez berba bakarra ere jakin barik. Dena den, laster ikasi zuen hizkuntza, eta batxilergoraino ikasten jarraitu ahal izan zuen. 1939an Bigarren Mundu Gerra hasi zen, eta horrekin batera, zailtasunak areagotu egin ziren.

Abaguneak kontuan izanda, aitak –Pilar Arambarri Garate biolin jole bilbotarrarekin ezkondu zen ingeniari armeniarra– Alemaniako ospitale batean hasi behar izan zuen lanean. Alemanez eta errusieraz zekielako onartu zuten lanerako. Dena den, alemanek gerra galdu zutenean, eta zigor posibleak saihesteko, familiak armadarekin batera egin zuen ihes, eta bidaia zail eta gorabeheratsuaren ondoren, Frantzia iparraldera heldu zen. Bertan, hain gertakari latzen ondoren, Daniel neska batekin hasi zen, amaiera zoriontsuarekin.

Gerra amaitzean, Daniel Espainiara itzuli zen, Franco agintean zegoela. Bilbon peritu industrial karrera egiten ahalegindu zen, baina zenbait arrazoi zirela eta, ez zuen amaitu. Dena den, irrati-teknika alorrean zituen ezagutzak zirela eta, Iberdueroko, egungo Iberdrolako, telefono zerbitzuan aurkitu zuen lana. Hiru urte geroago Frantziara itzuli eta mundu erditik eraman zuen ibilbidea hasi zuen, mota guztietako abenturak biziz. Horien berri ematen digu liburu honetan.