Y entonces viniste a robarme el alma Arriaga Antzokiaren ekoizpena eta emakumezkoen lanaren eredu argia da, izan ere emakumezkoek sortutako ikuskizuna da eta emakumezkoek betetzen dituzte paper garrantzitsuenak. Rebecca Ringst diseinatzaile eszeniko aleman ezagunaren sorkuntza lanak, egileak berak zuzendutakoak, Bettina Auer herrikidearen dramaturgia du. Ikus-entzuleek Richard Wagner, György Ligeti edo Alban Berg bezalako artista pertsonal eta karismatikoen musikaren harribitxiak gozatzeko aukera izango dute. Emakumezkoen bi ahotserako, abesbatzarako eta hari laukoterako egindako kontzertu-instalazioa, zuzenean arituko den piano jole batek lagunduta, musika elektronikoaren soinu-koltxoiarekin.
Partaideen artean nazioarteko eta bertako artistak izango ditugu. Ausrine Stundyte soprano lituaniarra eta Kathrin Wehlisch antzezle alemana dira ikuskizunaren protagonista biak. Andrej Hovrin piano joleak eta bi euskal musika taldek ere hartuko dute parte, Sabine Vatinen zuzendaritzapean arituko diren 16 abeslarik osatutako Alegria4 ahots ensemblea eta bi biolin, biola eta txeloa dituen BIOS Laukotea, nolabaiteko musika koltxoi klasikoagoa eskainiko dutenak. Horrekin nahasketa bitxia eraginez, ukitu abangoardistagoa duten soinu ehundura aberatsak ere jasotzen ditu ikuskizunak, Vanessa Dubos DJ eta musika elektroniko konposatzailearen ekarpenari esker.
Eva-Maria Van Acker, Europan ospe handia duen jantzi eta eszena diseinugilea, arduratu da ikuskizunerako jantziak aukeratzeaz. Azpimarragarria da, baita ere, ikusgarritasuna eta kontrasteak direla eta, argiekin benetako artista den Markus Bönzlik sortu duen argiztapena.