"Reagan garaiaren" erdian idatzitako antzezlana da, gero eta indar gehiago zuen neoliberalismoaren kontra, eta HIESaren sozializazioak mundua astindu zuen garaia erakusten duena. Lanaren eragina oso handia izan zen, eta Estatu Batuetan, Arthur Millerren Death of a salesman (Merkataritza-bidaiari baten heriotza) maisu lanaren eraginarekin alderatzen da, superpotentzia handiaren txikitasunak agerian uzteko orduan duten antzekotasuna dela eta. Angels in America benetako fenomeno bilakatu zen Estatu Batuetan, eta pantaila txikian ere arrakasta handia lortu zuen telebistako serie gisa, zenbait Tony sari irabaziz.
Arriaga heltzen den antzerkiko muntaketa bikainaren zuzendaria Simon Stone da. Espainian oraindik oso ezaguna ez den arren, azken garaietan munduko zuzendari gazte kotizatuenetakoa bilakatu da. Bere arrakasten artean, Woody Allenen Husbands and wives antzerkirako egokitzapena edota duela gutxi, aurreko udan alegia, Londreseko Young Vic Theatre-n aurkeztutako Garcia Lorcaren Yerma aipa daitezke. Antzezlan horren arrakasta ikaragarria izan zen eta The Times egunkariak "antzerkiaren garaipen handia" bezala definitu zuen. Engel in Amerika antzezlanari dagokionez, jada klasiko garaikidetzat hartzen den testuarekin ausartu da zuzendari australiarra, eta zehaztasunez eta bikaintasunez egin du lan hori.
2015ean Basileako Antzokian arrakasta izugarria lortu ondoren, Engel in Amerika Bilbora helduko da, eta bertan gaztelaniazko eta euskarazko gain-tituluekin eskainiko da. Kritikaren eta ikus-entzuleen aldetik arrakasta handia lortu duen kalitate bikaineko ekoizpen lana da. Izan ere, Basileako Antzokiak datorren otsailean antzezlana berriro eskaintzea erabaki du, jasotako eskari ugariei erantzunez. Muntaketa bikainaren eta antzezleen lan bereziaren ondorioz, duela denbora gutxi, Austriako garrantzitsuenak diren 'Nestroy' antzerki sarietako bat lortu du Vienan.
Sinopsia
80ko hamarkadaren erdialdea: HIESaren agerraldia New York astintzen ari da. Louisek, familia aberats judu bateko semeak, izuaren aurrean amore emanez, gaixorik dagoen Prior mutil laguna utzi eta harremana hasiko du Joe abokatu mormoi kontserbatzailearekin. Ordura arte medioetan ia agertu gabe zegoen eta mundu mailako begiradak bereganatu zituen HIESak astindutako gizartearen testuinguruan gertatzen den istorioaren abiapuntua baino ez da.
Emanaldien ordutegia
Antzezlanaren iraupena dela eta (5 ordu eta 30 minutu), Engel in Amerika lanaren programatutako bi emanaldiak ohikoa baino lehenago hasiko dira. Horrela, larunbateko, urtarrilaren 14ko, saioa arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta igandekoa, urtarrilaren 15ekoa, ordubete lehenago, 17:00etan. Emanaldiak hiru atsedenaldi izango ditu.
Ikuskizunerako sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.