Gaur hasi eta hilaren 29ra arte ospatuko dute 7Katu Gaztetxearen 10. urteurrena

7Katu Gaztetxea 2017ko urt. 23a, 09:42

Badira 10 urte Solokoetxeko eskaileretan Alde Zaharreko gazte talde batek, hutsik zegoen espazioa okupatu eta 7Katu Gaztetxea proiektuari hasiera eman ziola. Autogestioan oinarrituta, espazioa eraberritu eta auzoari alternatiba kultural eta politikoa eskaintzeko apustu erabakigarria egin zuten. 

Garai industrialaren gainbeheraren osteko urteak ziren, eta Bilbo hiri erakusleiho bihurtzen hasi zen; aisialdiaren pribatizazioa, etxebizitzaren espekulazioa, kultura "ofiziala" edota frankizia eta multinazionalen inbasioa bultzatuz. Norabide honen ondorioz, indibidualismora kondenaturik, eta haien behar zein kezkei irtenbiderik aurkitzeko aukera eta topagunerik gabe ikusi zuten haien burua gazteek. Egonezin honen aurrean, ezinbestekoa izan zen 7Katu Gaztetxearen okupazioa, auzoak bizi zuen egoera espekulatibo-komertzialari aurre egingo zion benetako alternatiba bat planteatuko zuena. 

Zoritxarrez, urte luze hauetan, Alde Zaharreko eta Bilboko egoerak txarrera baino ez du egin, hasieran planteaturiko estrategiari men eginez. Besteak beste, globalizazioaren ondorioa den auzoen nortasunaren galera, auzo bizitzaren desagerpena, multinazional eta frankizien inbasioa, etxebizitzaren espekulazioa, indibidualismoaren baloreen gorakada, presentzia polizialaren handitzea, turismoaren masifikazioa, bide bakarreko kulturaren hedatzea, proiektu autogestionatuenganako erasoak eta gaztetxeen desalojoak jasan izan ditugu 10 urte hauetan. Gure auzoa sabairik gabeko zentro komertzial bihurtu dute, kapitalaren mesedeetara eta gizatasunik gabekoa. Guzti hau, instituzioen begirada konplizeak sustatu eta babesturik. 

Bira neoliberal honen ondorioz, alternatiba errealen garrantzia ezinbestekoa bihurtu da, izan ere, ez dugu pentsatzerik 10 urte hauetan gure hiriak hartutako norabideak, aurrerantzean inolako aldaketarik izango duenik. Alternatiba hauen artean kokatzen dira 7Katu eta beste gaztetxe eta proiektu asko, ezarri egiten diguten hiri eredu honen aurrean, okupazioa eta autogestioa tresnatzat hartu, eta alternatibak sortzen jarraitzea helburu dutenak. Proiektu guzti hauek gazteen topagune eta borroka eremu erreferenteak izanik, lotzen gaituen sistema honi kritikotasunez erantzuteko beharrezko baliabideak dira, eta gu geu zein inguratzen gaituen eremua transformatzeko aukera. Ez gaude prest haien errealitatean bizitzeko. 

7Katu Gaztetxeak 10 urte betetzen dituen honetan, inoiz baino ozenago esan behar dugu zirikatzen jarraituko dugula, auzoa eraldatzen, alternatibak eraikitzen, haien ebidentzia ezeztatzen, errebelde eta inkonformista izaten. Poztasunean edo tristuran, gaiztakerian edo ontasunean, maitasunean edo gorrotoan, okupazioan edo erresistentzian. Jakin dezaten, marru edo miau, borrokan jarraituko dugula. 

Gora Okupazioa! Gora Autogestioa! Zorionak 7Katu! 

Egitaraua

Urtarrilak 23, astelehena

- 18:30. Hitzaldia: 'Alde Zaharraren ikuspegi kritikoa eta okupazioa'

Urtarrilak 24, asteartea

- 18:30. Gorputzak askatu! mundu dantzen tailerra.

Urtarrilak 25, asteazkena

- 18:30. Mahai-ingurua: Gazteak eta sorkuntza.

Urtarrilak 26, osteguna

- 20:00. Kontzertuak: Gari eta Koban.

Urtarrilak 27, ostirala

- 17:00. Plaza Barrian umeen jolasak.

- 18:30. Gazte ginkana.

- 21:00. Kontzertuak: Skabidean; Euskatalites; eta K-Billy (Boppers DJ).

Urtarrilak 28, larunbata. Zumarraga Plazan (Solokoetxe)

- 12:00. Irrien Lagunekin kantu eta dantza.

- 13:30. Argazki erraldoia (Gaztetxearen plazan).

- 14:30. Herri bazkaria: paella erraldoia. Ondoren bazkalostea patxadaz musikatua. 

- 17:00. Fabe de Fuka elektrotxaranga.

- 19:00. Kontzertuak: Egurra eta Kitto; Tremenda Jauria; eta Bad Sound System. Gonbidatuak: La Basu, Aneguria eta Fermin Muguruza.

Urtarrilak 29, igandea

- 18:30. Bertso saioa Oihana Bartra, Maialen Lujanbio, Agin Laburu eta Igor Elortzarekin.