Marruka eta miauka 7Katu gaztetxeak 10 urte bete ditu

uriola.eus 2017ko urt. 16a, 09:22

Bilboko Alde Zaharra berreskuratu eta indartu asmoz sortutako espazioak lehen hamarkada bete du. Orain arte eginiko bideari esker "zazpi katu baino gehiago" izatea lortu dutela azpimarratzen dute gaztetxeko lagunek. 

Jardueraz beteko dute 10. urteurrena Solokoetxeko eskaileretako 7Katu gaztetxeko kideek. Urtarrilaren 23tik 29ra, hain zuzen ere. Ekitaldiei hasiera eman baino lehen Marru edo miau, borrokak dirau abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte. Urteurrenerako beren-beregi eginiko lanak. 

Oihana Bartraren hitzei Akatz taldeak, La Basuk eta Raperos de Emaus taldeko Ritxek jarri diete ahotsa. Abeslari eta musikariak dira Etchecoy Anaiek zuzendutako bideoklipean ikus daitezkeen aurpegietako batzuk Alde Zaharreko hainbat auzokide, tabernari, dendari eta kolektiboetako kideekin batera.  

 

Eskaileretan gora eta behera 10 urte

Badira 10 urte Solokoetxeko eskaileretan Alde Zaharreko gazte talde batek, hutsik zegoen espazioa okupatu eta 7Katu Gaztetxea proiektuari hasiera eman ziola. Autogestioan oinarrituta, espazioa eraberritu eta auzoari alternatiba kultural eta politikoa eskaintzeko apustu erabakigarria egin zuten. 

7Katu Gaztetxeak 10 urte betetzen dituen honetan, "inoiz baino ozenago esan behar dugu zirikatzen jarraituko dugula, auzoa eraldatzen, alternatibak eraikitzen, haien ebidentzia ezeztatzen, errebelde eta inkonformista izaten", adierazi dute gaztetxeko kideek. "Poztasunean edo tristuran, gaiztakerian edo ontasunean, maitasunean edo gorrotoan, okupazioan edo erresistentzian. Jakin dezaten, marru edo miau, borrokan jarraituko dugula". 

 

Urtarrilaren 23tik 29ra ospatuko dute 7Katu Gaztetxearen 10. urteurrena

Egitaraua

Urtarrilak 23, astelehena

- 18:30. Hitzaldia: 'Alde Zaharraren ikuspegi kritikoa eta okupazioa'

Urtarrilak 24, asteartea

- 18:30. Gorputzak askatu! mundu dantzen tailerra.

Urtarrilak 25, asteazkena

- 18:30. Mahai-ingurua: Gazteak eta sorkuntza.

Urtarrilak 26, osteguna

- 20:00. Kontzertuak: Gari eta Koban.

Urtarrilak 27, ostirala

- 17:00. Plaza Barrian umeen jolasak.

- 18:30. Gazte ginkana.

- 21:00. Kontzertuak: Skabidean; Euskatalites; eta K-Billy (Boppers DJ).

Urtarrilak 28, larunbata. Zumarraga Plazan (Solokoetxe)

- 12:00. Irrien Lagunekin kantu eta dantza.

- 13:30. Argazki erraldoia (Gaztetxearen plazan).

- 14:30. Herri bazkaria: paella erraldoia. Ondoren bazkalostea patxadaz musikatua. 

- 17:00. Fabe de Fuka elektrotxaranga.

- 19:00. Kontzertuak: Egurra eta Kitto; Tremenda Jauria; eta Bad Sound System. Gonbidatuak: La Basu, Aneguria eta Fermin Muguruza.

Urtarrilak 29, igandea

- 18:30. Bertso saioa Oihana Bartra, Maialen Lujanbio, Agin Laburu eta Igor Elortzarekin.

 

[2017-01-12] Urtarrilaren 23tik 29ra ospatuko dute 7Katu Gaztetxearen 10. urteurrena