Juan Crisostomo de Arriaga bi jardunalditan omenduko dute ‘Los esclavos felices’ lanarekin

uriola.eus 2017ko urt. 27a, 09:05

Ikuskizuneko bi egun, desberdinak baina osagarriak, Juan Crisostomo de Arriagaren (1806 – 1826) musikari eta emozioei buruzkoak, Bilboko konposatzaile bikainari dimentsio garaikidea ematen diotenak, duela 210 urte jaio zen egunarekin (1806ko urtarrilaren 27a) bat etorriz, hain zuzen ere.

Hori da Arriaga Antzokiaren ekoizpen berriak, Calixto Bieitok zuzenduko duen lehenengoa den Los esclavos felices lanak, proposatzen duena. Gure antzokiari izena ematen dion maisuaren irudiari omenaldia eskaintzen dio, hurbilketa bikoitza planteatuz bere musika ederrera, gaur, urtarrilak 27, bi saiorekin (18:00etan eta 20:00etan) eta larunbatean, urtarrilaren 28an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera eskainiko den emanaldi bakarraren bitartez.

Los esclavos felices lanean, Arriagaren musika, egungo gizarteari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen gaituen ikuskizunaren soinu-koltxoia da, norbanakoak gizarte aurreratuetan bizi duen mundu garaikidera, gure mundura, azken finean, bidaia ironikoa proposatuz, izenburutik bertatik hasiz.

Jon Malaxetxebarria arduratzen da egitasmo berezi horren musika zuzendaritzaz. Modu berean azpimarragarria da Sarah Derendinger zine eta musika zuzendariak ikuskizunari egiten dion ekarpena. Sortzaile suitzarra hainbat bider etorri da Bilbora azken hilabeteetan, eta zenbait aste daramatza hirian eta gure inguruko beste leku batzuetan irudiak filmatzen, Sarah Derendingerrek horretarako prestatuko duen instalazioan erakutsiko direnak. Gainera, proiekzioetan agertuko diren euskal artista ezagunen partaidetza izan da. Juan Crisostomo de Arriagaren musika bikaina oso eszenan jartze garaikidearekin entzuteko aukera paregabea izango da, guztia ere, gaur egungo irudiak jasoko dituzten ikus-entzunezko deigarrien proiekzioarekin.

Bi eguneko ikuskizuna

Los esclavos felices, azken finean, bi jardunalditan eskainiko den poema sinfonikoa da. Lehenengoa gaur izango da, eta Arriagaren hari laukoteetan oinarrituko da. Bi saio izango dira, bat arratsaldeko 18:00etan eta bestea 20:00etan, eta leku kopurua txikia izango da. 'Happening' gisa, ikuskizunaren nondik norakoak berak, ikus-entzuleak antzokiko leku desberdinetatik ibiltzera bultzatuko du, musikak gidatuta, museoetako erakusketetan sortzen denaren antzeko giroa sortuz, parte hartzen duen talde bakoitzak bere performancea eskainiz, Arriagaren melodiak interpretatuz, ikus-entzuleen bidaia mental eta fisiko horri laguntzeko. Hiru talde izango dira konposatzaile bilbotar bikainaren musika interpretatuko dutenak: La Ritirata Laukotea, Ensemble 442 eta Bilbao Sinfonietta Cuarteto.

Bigarren jardunaldia hurrengo egunean izango da, hau da, larunbatean, urtarrilaren 28an. Oraingo honetan ikus-entzuleak aretoan egongo dira, eta 20:00etan hasiko da emamaldia. Bertan, Arriagaren lan sinfonikoa eta ahozkoa eskainiko da, amaitu gabe utzi zuen eta ikuskizun bikoitzari izenburua ematen dion Los esclavos felices opera, batez ere. Lanak azken galderara garamatza: Zoriontsu al gara gure esklabotasunean? Kontzertuak Marta Ubieta eta Naroa Intxausti sopranoen parte hartzea izango du, Enrique Azurzak zuzenduko duen Bilboko Koralak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak – BOSek lagunduta. Easo Eskolaniako Markel Murillok ere hartuko du parte. Gainera, piezatako bat abestuko dute, ahots solista gisa eskainitako kolaborazio moduan, Gorka Gerrikabeitia eta Alberto Abete tenorrek eta Gexan Etxabe baritonoak.

Ikuskizunerako sarrerak

Urtarrilak 27an 15 euro eta urtarrilak 28an 10,50 eta 36 euro artean. hauek salgai egongo dira www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.