Espainiako Institut françaisaren TIFE17 Kultur Denboraldiaren barruan Bilboko Institutu Frantsearekin batera antolatu den ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango du. Frantsesez egingo da, bat-bateko itzulpenarekin. Streaming-ez ere jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunetik.
Escapar. Historia de un rehen lanean, Guy Delislek, 90eko hamarkadaren amaieran Kaukason atxilo hartu zuten Christophe Andréren bahiketa eta biziraupen historia kontatzen du. Liburu horren bitartez Delislek bira bat ematen dio bere ibilbideari, orain arte bere ezaugarri nagusia ironia psikologikoa izan baitu. Christophe Andrek 111 egun igaro zituen bahitzaileen esku. Irakurleak, etengabeko tentsioan bizi den gizon baten gogoetak eta animoaren gorabeherak jarraitu ahal izango ditu.
Berarekin hainbat aldiz elkartu ondoren, Guy Delislek haren historia kontatzea erabaki zuen. Testigantza urratzailea eta angustiaz betea. Bineta bakoitzak, edozein momentutan bizia gal dezakeen gizonaren zalantzak eta itxaronaldi luzea kontatzen ditu. Egileak, fintasun handiko irudietan islatzen ditu Txetxenian bahitutako pertsonaren historia eta gorabeherak.
Guy Delisle (Quebec, 1966) komiki errealista eta sozialaren marrazkilari garrantzitsuenetakoa da, beti ere umore beltz eta satiriko puntuarekin. Arte plastikoetako ikasketak amaitu ondoren, Montrealeko CineGroupe estudioan hasi zen lanean. 1993an animazioa erakutsi zuen Reunion uhartean, eta umeei zuzendutako Trois petits chats film laburra egin zuen. 1996an komikiaren munduan sartu zen, L’Association elkarteak argitaratutako Reflexion lanarekin.
Astiberri argitaletxearen eskutik Guy Delisleren lan garrantzitsuenak argitaratu dira gaztelaniaz, Asiara eta Ekialde Ertainera egin dituen bidaien testigantza: Shenzhen (2000), Pyongyang (2003), Cronicas birmanas (2007) eta Cronicas de Jerusalen (2011). Azken lan horrek 2012ko Angulemako Nazioarteko Komiki Aretoko lan hoberenaren saria eman zion. Horrez gain, Como no hacer nada (2009) istorio laburren bilduma, edo egile kanadarrak aurreko komikietan hautematen zitzaion umorea nabarmen erakusten duen Guia del mal padre lanak ere argitaratu ditu.