Korrika 20

20. Korrika aurkeztuko dute gaur Alde Zaharrean

uriola.eus 2017ko ots. 20a, 09:30

Dendari, tabernari, auzotar, elkarte, eskola, guraso eta "enparauko euskaltzale guztiak" gonbidatu ditu Lizardi AEK euskaltegiak 20. Korrikaren aurkezpen-ekitaldira.

Hitzordua ghaur, otsailak 20, astelehena izango da Biba kulturgunean (Erronda 2) 19:30ean. Bertan, Lizardi AEK euskaltegiko kideek martxoaren 30ean Otxandiotik irten eta apirilaren 9an Iruñean bukatuko den 20. Korrikaren berri emango dute. Besteak beste, Bilboko ibilbidea, ordutegia, kilometroen erosketa, materiala eskuratzeko Korrika Denda, Korrika Kulturala eta beste hamaika kontu azalduko dituzte. 

Bilbora apirilaren 6an, helduko da 20. Korrika. Zorrotza auzotik sartuko 17:00ak aldera eta, 40 bat kilometro egin ostean, Elorrietatik irtengo da 21:30ak inguruan. Aizu aldizkariak plazaratu du Korrikaren ibilbidea (hemen).

 

Maletak ikuskizuna Arriagan

Guztira sei dira Korrika Kulturalak eskainiko dituen estreinaldiak. Horietako bat da igandean, hilak 19, Arriaga Antzokian Kepa Junkerak eta Sorginak taldeak eskainiko dutena hainbat gonbidaturekin batera. Maletak ikuskizunean parte hartuko dute Karmele Gisasola harrijasotzaileak, Aitzol Atutxa aizkolariak, Iturengo Joaldunak eta Ballet Olaetak.

 

Kilometroak eskuragai

Korrikako arduradunek URIOLAri jakinarazi diotenez, Bilboko 40 kilometroak eskuragai daude jada. Kilometroren bat erosi nahi duenak AEK-ko edozein euskaltegira jo dezake, eta bertan jarriko dute harremanetan Korrikako ordezkariekin. 

 

Korrika aplikazioa

Korrika Kulturalaren agenda guztia bilduko duen sakelakoetarako aplikazioa eskuragai dago. Agendaz gain, 20. Korrika uneoro non dagoen jakiteko aukera ere emango du, geolokalizazioari esker. Akting enpresak garatu du, iOS eta Android gailuetarako.