Maika Makovski Arriagara helduko da 'Chinook wind' lana aurkeztera

uriola.eus 2017ko ots. 20a, 09:00

Azken garaietako artista interesgarrienetakoa jasoko du asteazken honetan, otsailaren 22an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Arriaga Antzokiak. Konposatzaile, abeslari, antzezle…, Maika Makovskiren ahalmen hipnotikoak ezinezkoa egiten du begirada desbideratzea eszenatoki gainera igotzen denean. Jakin-mina, sedukzioa, pasioa, intuizioa, nortasuna… bere musikak beti harrapatzen du, baina batez ere zuzenean. 

Etengabe dauka arreta piztuta. Hainbat herrialdetatik egin dituen bidaia ugariek eta artearen zenbait alorrekin egin dituen elkarketek, lan konplexuak eta benetakoak, bere abestiekin hunkitzeko gai diren lekuak, sortzeko aukera ematen diete. Horren adibide bat, 2016an argitaratu zuen azken diskoa den Chinook wind da. Mazedoniara, aitaren jaioterrira, sustraiak aztertzeko aukera eskaini zion lekura, egindako bidaiatik itzultzean konposatu zituen hamar abestiz egindako lana da. Albuma Bristolen grabatu zen, eta bertan John Parishekin (PJ Harvey, Eels) egin zuen lan, berriro ere. Oso ekoizpen biluzia eta gordina da, eta azpimarragarriak dira musika-tresnen lan akustikoa eta ahotsa babesten duten hari eta metal moldaketak. Emaitzak Maika Makovski pertsonalena erakusten digu.

Bira honetan, Bartzelonako Brossa Quartet de Corda ospetsuak (bi biolin, biola eta txeloa), Pep Mulak (bateria) eta Pau Vallsek (tronpa) laguntzen diote. Maikak berak gitarra akustikoak eta elektrikoak joko ditu, Arriaga Antzokian eskainiko duen lehenengo kontzertu honetan. Baina ez da izango bertako eszenatokia zapaltzen duen lehen aldia. Izan ere, 2012an ahotsa eta musika jarri zizkion Edgar Allan Poeren testuetan oinarritutako Desaparecer antzezlanari. Lan haren protagonista Juan Echanove izan zen, eta zuzendaria, une honetan Arriaga Antzokiko Zuzendari artistikoa den Calixto Bieito.

Ikuskizunerako sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.