Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Arriaga Antzokia "koroaren harribitxia" dela esan zuen, orain urtebete baino zertxobait gehiago Calixto Bieito zuzendari artistiko izendatu zuenean. Orain, 1890ean eraiki zen eta Monumentu Artistiko izendatuta dagoen arkitekturako harribitxi horrek ateak parez pare irekiko ditu, hiriko Alde Zaharreko atea eta Euskadiko zein estatu mailako Kulturaren sinbolo den Bilboko eraikin enblematiko hori ezagutu nahi duten guztientzat. Oinezkoak begi bistan dauka bere arkitektura neo-barrokoa, baina hemendik aurrera jende guztiak barruko diseinu eta arkitektura berezia ezagutzeko aukera ere izango du, martxotik aurrera, asteburuetan antolatuko diren bisita gidatuei esker. Datorren martxoaren 4an, gehienez ere 30 pertsonak osatutako lehenengo taldea, Arriaga barrura sartu ahal izango da lehenengo bisita egiteko.
Juan Mari Aburto bera izan da gaur goizean Arriaga antzokira egindako bisita instituzionalaren buru. Bisita horretan hiriko kultur alorreko pertsona askok hartu dute parte. Bertan, zera nabarmendu du Bilboko alkateak: "Arriaga Antzokia bikaina da, egunero nazioartera gero eta gehiago zabaltzen den jarduerarengatik eta baita barruko fisonomiarengatik ere. Guztiona da. Horregatik, eredu izan gura dut eta hala gura duen edozein Arriaga ezagutzera hurbiltzera animatzen dut. Inolako zalantza barik, ezagutzean, geureago sentitzen dugu, eta are eta gehiago maite dugu".
Izan ere, hemendik aurrera, Arriaga Antzokiak era esponentzialean handituko du Bilboko hiriko ikono gisa betetzen duen lekua, ezagutu nahi duten bertako herritarrei zabalduz eta urtero bisitatzen gaituzten milaka eta milaka pertsonarentzako turismoko ezinbesteko erreferente bilakatuz. Pertsona horiek, orain arte, bere fatxada ikusgarriaren aurrean argazkiak atereaz erakusten zuten Arriaga Antzokiaren aurreko interesa, bere edertasuna oso erakargarria izan baita betidanik. Hemendik aurrera, barrutik ezagutzeko aukerak, Bilbok, Bizkaiak eta Euskadik mundu osoko turismoaren aurrean izango duten elementu erakargarri nagusietakoa bilakatuko du Arriaga Antzokia.
Maila guztietako proiekzioa
Arriaga Antzokira egingo diren bisita gidatuak martxan jartzeak, toki eta nazioarte mailan proiektatzen den turismo gune gisa kokatzen du antzokia bera. Helburu horrekin, hain zuzen ere, ekimen horri buruzko informazioa eskainiko da hainbat lekutan, Turismo Bulegoan, hoteletan, ostalaritzako lokaletan… Horrez gain, udal antzoki gisa, Bilbao Turismo erakundearen bitartez Udalak parte hartzen duen sare turistikoen barruan sartuko da, eta horrela, aldizkari espezializatuetan, turismoko gidatan eta turistei zuzendutako informazioko newsletterretan agertuko da, eta Bilboko hiria sustatzeko azokatan eta ekitaldietan hartuko du parte, toki eta nazioarte mailan, Bilbao Turismori eta Arriaga Antzokia kide den Bilbao Convention Bureau izenekoari esker.
Eta, jakina, Arriaga Antzokiak protagonismo handia hartuko du nazioarteko turismo webguneetan, fan trips eta fan press izenekoen zirkuluan sartuz. Bidaiatzen eta hiriak aztertzen dituzten pertsonak dira, eta euren testuak eta aholkuak oso interesgarriak izan ohi dira bidaiatu behar duten pertsonentzat.
Bisitaren xehetasunak
50 minutu inguruko iraupena duen bisita antzokiaren atarian hasiko da, eta Juan Crisostomo de Arriaga eskaileratik jarraituko du foyerreraino. Ibilbidean, normalean jendea sartu ezin daitekeen zenbait areto ezagutuko dira, Orient Express aretotxoa eta areto Isabeldarra, besteak beste. Bisitan ez dira faltako, jakina, areto nagusia eta bertako besaulki patio ederra, ezta Ohorezko Palkoa ere. Ibilbide guztia, gidari gisa arituko den, datu historikoen berri emango duen eta anekdota ugari kontatuko dituen pertsona batek lagunduta egingo da.
Bisita erakargarri egiten duen beste puntuetako bat, aurten, gure antzokiari izena ematen dion Maisuaren jaiotzaren 210. urteurrena dela eta, jantzi erakusketa txiki baina ezin ederragoa jasotzeko bereziki egokitu den txoko batean geratzeko aukera izango da. Arriaga Antzokiak ekoiztutako zenbait muntaketa lanetatik aukeratutako jantzi erakusketa izango da.
Jende guztiak gure ondarearen ikono handi hori ezagutzeko aukera izan dezan, prezio merkea ezarri da bisita gidatuetarako, 5 eurokoa, hain zuzen ere, eta 3 eurokoa mugikortasun urria duten pertsonentzat. Horrez gain, 18 urtetik beherakoek eta ikasleek sarrera dohainik izango dute.
Bisitetarako sarrerak www.teatroarriaga.eus atarian, Arriaga antzokiko txarteldegian eta antzokiko Informazio Bulegoan eskuratu daitezke. (Taldeentzako erreserbak – 944792036).