Kea Ahots Taldeak Claudio Monteverdiren madrigalei eskainitako ikuskizunetako bat taularatuko du

uriola.eus 2017ko ots. 27a, 11:40

Asteazken honetan, martxoaren 1ean, hasiko da Claudio Monteverdi (Cremona, 1567 – Venezia 1643) konposatzaile italiarraren figura gogorarazten duen zikloa Arriagan, jaio zenetik 450 urte betetzen direnean. Zikloa, Monteverdik madrigal egile gisa egin zuen lanari eskainiko zaio. Egileak zortzi liburu argitaratu zituen, eta 2017. urte honetan lehenengo lauak interpretatuko dira.

Horrela, lau ikuskizun eskainiko dira, guztiak ere euskal artistek interpretatutakoak, oso ikuspegi estetiko eta eszeniko desberdinetatik hurbilduz Monteverdiren madrigal lanetara. Hori dela eta, bi ikuskizun foyerrean eskainiko dira, eta beste bi eszenatokian.

Ikus-entzuleek Monteverdiren Madrigal zikloarekin izango duten lehenengo harremana asteazkenean izango da, arratsaldeko 20:00etan, Arriagako foyerrean. Kea Ahots Taldeak, David Azurza zuzendaritza musikalaz arduratuko delarik, egile italiarraren lehenengo madrigal liburuan oinarritutako kontzertua eskainiko du. Primo Libro dei Madrigali a cinque voci lana 1587an argitaratu zen, konposatzaileak 19 urte baino ez zituenean. Liburu horretako madrigalak, Errenazimenduko musikan ohikoa zen estilo polifonikoan daude idatzita. Harmoniak nahi gorenekin eta lurreko pasioekin daude lotuta, koloreetan eta sotiltasunetan ugaria den soinu paisaia aberatsa sortuz. Soinu lengoaia iradokitzaile eta oroitarazleak mota guztietako goi mailako ñabardura bikainak marrazten ditu ikus-entzulearengan. Beraz, edertasun handiko sorkuntza lana izateaz gain, benetako erronka artistikoa da ahots ensemble horrentzat.

Kea Ahots Taldea

Kea Ahots Taldea abeslari profesionalek osatzen dute, eta 1997an sortu zuten David Azurzak eta Enrique Azurzak, XX. eta XXI. mendeetako musika korala hedatzeko xedez. Errenazimenduko eta Barrokoko errepertorioak ere landu dituzte.

Taldeko kideak hauek dira: Miren Garitano, Ana Otxoa eta Mª Jesus Ugalde sopranoak; David Azurza kontratenorea (musika zuzendaritzaren arduraduna, baita ere); Mario Hernandez, Isabel Lacar eta Arantza Irazusta kontraltoak; Javier Alberdi, Xabier Barriola eta Iñigo Vilas tenoreak; Josu Soraluze eta Xabier Sarasola baritonoak; eta, amaitzeko Pablo Azpeitia baxua. Zuzendaria Enrique Azurza izan ohi da gehienetan, baina kasu honetan David Azurzak gidatuko du Kea Ahots Taldea.

Monteverdiri buruz

Claudio Giovanni Monteverdi (Cremona, 1567 – Venezia 1643) Errenazimenduko eta Barrokoko musikaren arteko trantsizioak eman zuen figura garrantzitsuena da. Historiako lehen operatzat hartzen dena idatzi zuen: L’Orfeo. Gogoratu behar da, denboraldi honetako Arriaga Antzokiaren ekoizpen propio nagusia L’Orfeo izango dela, hain zuzen ere, maiatzaren hasieran, 5ean eta 6an, ikusi ahal izango dugun ikuskizun bikaina, harmoniak eta disonantziak ezin hobeto uztartzen dituen eta soinu emaitza paregabea lortzen duen musikaren jeinua gogoratuz.

Kea Ahots Taldeak eskainiko duen ikuskizunerako sarrerak 12 eta 15 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.