Dagoeneko, Priscilla ikusteko sarrerak salgai daude eta bihartik, martxoaren 7tik, ikusleek Tricicleren HITS lanerako sarrerak ere erosi ahalko dituzte ohiko lekuetan (www.teatroarriaga.com helbidean, 946850850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta orduetan). Antzokitik aurreratu dutenez, "seguruenik berehala salduko dira, Joan Graciak, Paco Mirrek eta Carles Sansek osatzen duten hirukote paregabearen azken eta behin betiko ikuskizunaren aurrean gaudelako". Bestalde, Tricicleko kideek adierazi dutenez, badirudi haien "azken bira" izango dela.
HITS ikuskizunak Tricicleren hoberena jasotzen du gag-ez betetako 100 minututan. HITS -gaztelaniazko Humor Inteligente Trepidante y Sorprendente akronimoak- pixka bat murriztutako hamabi sketch eta ikuskizunari amaiera ematen dion laburpen luzea biltzen ditu. Azken parte horrek, ikuslea "arnas-kolapsoaren mugan" uzten duten oso gag laburrek osatzen dute.
Triciclek proposatzen du eta ikusleek erabakitzen dute
Triciclek historian zehar sortu dituen hamahiru ikuskizun orduetatik, taldeak berrogei sketch aukeratu ditu. Herri bakoitzeko ikusleek Tricicleren facebookean eta webgunean, horietako bost aukeratu ahalko dituzte. Boto gehien jasotzen dituzten hamabiek osatuko dute ikuskizunaren ardatza. Ikuskizuna makro-laburpen antologiko landuarekin amaituko da beti.
Tricicleren ilusioa, "San Joan Bosko Antzerkiaren Zaindariaren babespean", HITSek 2019ko azarotik aurrera ere birarekin jarraitzea da, taldearen berrogeigarren urteurrenarekin bat egin dezan; "taldearen ibilbide osoaren ospakizun ikuskizuna bilakatzeko". Hori da hain zuzen ere HITS, 1979ko azaroaren 1ean, gorputz adierazpeneko hiru irakaslek euren ilusioak elkartzea erabaki zutenean sortu zen konpainia hark egin dituen sketch-en bilduma.