Segurtasun Sailak esandakoaren arabera, 11:00ak aldera izan zen ezbeharra atzo. DekoNorte 2000 SL enpresarako lanean ari zen behargina laugarren pisutik barruko patio batera jausi eta momentuan zendu da.
Adierazpen instituzionala
Lan heriotzaren aurrean Udalak elkartasuna adierazi die hildakoaren senide, lagun eta gertuko pertsonei, eta gaur 12:00etan 5 minutuko elkarretaratzea deitu du Udaletxeko eskalinatan. Era berean, Udaleko talde politikoek Osalan Euskadiko lan-agintaritzari eskatu diote gertatutakoa argitzeko bitarteko guztiak erabili eta behar diren neurriak har ditzan. Enpresa, administrazio eta langileen ordezko eragile guztiak "langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko gehiago inplikatzea" beharrezkoa dela ere adierazi du Udal taldeak.
Sindikatuen deialdiak
2017an zehar Euskal Herrian hildako langileen kasuek faktore komun bat dute oinarrian LAB sindikatuaren esanetan: prekarietatea. "Istripuak ez dira gertatzen arrazoi puntual edo koiunturalengatik. Oinarrizko arazo bat dugu, arazo estrukturala da. Eredua da arazoa, langileon bizitza eta osasuna kolokan jartzen duen eredua, bizitza galtzeraino", adierazi dute sindikatutik.
Ildo horretan, obren gaineko "benetako kontrola" exijitu du LABek: "Identifikatuta dago eta jakina da obretan ematen diren baldintzek prekarizazioa eta osasun eta bizitzaren galerak dakartela".
Administrazioari, eta kasu honetan Jaurlaritza berriari zuzendu da LAB lan istripuen aurrean neurriak hartzea eta beharrezko baldintzak ezartzea aldarrikatuz.
Agente guztien inplikazioa
Laneko Arriskuen Prebentzioan agente guztien inplikazioa eskatu du CCOOk "euren lanpostuan hil diren langileen zerrenda onartezinak handitzen jarrai ez dezan".