2011-2012 ikasturtean eskola goitik behera berriztu zuten. Eta, hala ere, eskolak "hobekuntzak" behar dituela diote Mujika eskolako zuzendaritzak eta guraso elkarteak. Errealitate berrira egokitzeko hobekuntzak. Izan ere, "eskola handitzen ari da". Ikasle kopurua asko hazi da azken ikasturteetan, besteak beste, Alde Zaharra delako demografikoki auzorik gazteena. Bertako bizilagunek dituzte Bilboko beste auzoekin alderatuta seme-alaba gehien. Ondorioz, matrikulazioak ere gora egin du. Mujika eskolak, baina, ezin du askoz gehiago hazi, "lerro bakarreko ikastetxea izaten jarrituko dugu", diote, baina zerbitzu hobea emateko egokitzapenak behar ditu. Eta hori dela eta, bildu ziren eskolako ordezkariak Juan Mari Aburto alkatearekin eta Koldo Narbaiza Hezkuntza zinegotziarekin. "Borondate politikoaren zain" daude gurasoak eta zentroko langileak.
Eskolako komunitateak egindako lanari esker, D eredua indartuz joan da Mujikan. Hori dela eta, 2017-2018 ikasturtetik aurrera, eskolak D ereduan bakarrik egingo du lan. "Erronkatzat" dute ikasle guztien eleaniztasuna bermatzea bertako profesionalek, eta ondotxo dakite zein duten abiapuntu, oso jatorri anitzeko ikasleak. "Mundu guztiko ikasleek" bat egiten baitute Mujikan.
Bada beste berrikuntza bat Mujikan. Datorren urtetik aurrera 6. maila amaitzen duten ikasleak Atxuriko Garcia Rivero eskolako ikasleekin batera Solokoetxe ikastetxean elkartuko dira DBH egiteko. Orain arte Bertendona institutura joaten ziren. Aurrerantzean Solokoetxe izango da euren erreferentziazko ikastetxea.
Mujika eskolako gurasoen elkartea Ibaiondo plataformaren baitan dago, eta plataformak Emilio Campuzano institutua aldarrikatzen du DBHko eta Batxillerreko "inguruko ikasle guztientzako irtenbide natural moduan".
Urteurrena
Inplikiazioa maila handia izan dute gurasoek eta irakasleek Mujika eskolaren mendeurrenean. "Lan handia" egin dute, besteak beste gaurko ospakizunean.
Goizean ikasleek eta irakasleek kalejira egingo dute mendeurreneko kamisetak soinean beren-beregi sortutako abestia dantzatuz. Arratsaldean gurasoek jolasak, dantza eta txokolatada antolatu dituzte, fanfarria doinu eta guzti.
Martxoak 24, egitaraua
10:00 - 12:00
- Mendeurrenaren aurkezpena eta pregoia
- Kalejira auzotik
16:00 - 18:00
- Mendeurreneko abestiarekin dantza
- Txokolatada
- Musika
- Jokoak
- Fanfarria
[2017-03-23] Mujika eskolak bihar ospatuko du bere mendeurrena