Elikagai ezberdinak erosi eta dastatzeko aukera Erriberako Merkatuan eta Atxurin

uriola.eus 2017ko mar. 24a, 08:20

http://natureskolabizia.com

Lurrak emandako produktuak eta egunekoak nagusituko dira asteburuan Atxurin eta Erriberako Merkatuan. Euskal Eguna ospatuko dute Atxurin eta Dazta Azoka Erriberako Merkatuan; herritarrek aukera paregabea izango dute batetik bestera mugituz, bertoko produktuez gozatzeko. 

Euskal Eguna

Atxuri 500ek, Alde Zaharreko merkatari elkarteak, Udalak eta Bilbao Historikok antolatu dute ekimen hau. Goizeko 10:00etatik 15:00etara Nezakal Azoka egongo da Erriberako plazan, Merkatuaren eta San Antoneko zubiaren artean dagoen plazan. Guztira 22 postu egongo dira Bizkaiko ortuetako produktuekin. Arratsaldeko plana aldiz bestelakoa izango da, 19:00etatik aurrera, Banakako Aizkolari Txapelketa egongo da Atxuriko Gizakunde plazan. Horretan, Jokin Alkizaletek (Asteasu), Alvaro Garciak (El Espinar-Segovia), Jaime Huertasek (Valsain-Segovia), Hermenegildo Herrerok (San Rafael-Segovia), Done Intxaustik (Amorebieta), Jose Maria Benitok (Valsain-Segovia) eta Xabier Garciak (Lemoa) parte hartuko dute.

Dazta Azoka

Bihar ere, martxoak 25, 12:00etan, Dazta Azoka antolatu dute Erriberako Merkatuan. jakiak bertatik bertara eta gertutik ezagutzeko Bilbao Zerbitzuakekin batera Udalak egindako ekimena da hau.

Bost tailer egingo dira aldi berean eta mahai bakarrean; horietan, ekoizleak nekazaritza-elikagaiak, bertokoak zein kanpokoak, nola ulertu azalduko dute kalitatearen eta ekoizpenaren ikuspegitik.

'Ekoizle bat, produktu bat' tailerretara hurbiltzen diren pertsonek bost eta hamar minutu bitarteko hitzaldia jasoko dute produktuak bereizteko parametroei buruz. ENBAko (Euskadiko Nekazarien Batasuna) kideek emango dituzte tailerrok, Landa Garapenerako Bizkaiko Elkarteen arduradunek koordinatuta.

Dazta Azoka apirilaren 1ean eta 8an errepikatuko da Erriberako Merkatuan bertan. "Dazta Azoka erako azokek produktuak jatorrian ezagutu eta produktua kalitatezkoa izateko faktoreak zeintzuk diren jakiten laguntzen dute" adierazi du, Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak.