Mikel Gurrearen ‘Soka’ lana antzeztuko dute Arriagan

uriola.eus 2017ko mai. 9a, 07:30

'Soka'

Donostia 2016ko 'Antzerkigintza Berriak' proiektutik ateratako bigarren antzezlana jasoko du Arriaga Antzokiak gaur (hilak 9) eta bihar (hilak 19) gaztelaniaz. Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak eta Tanttaka Teatroak ekoitzia, Mikel Gurrearen testua dauka ardatz Soka antzezlanak. 

Iñaki Rikarte du protagonista eta Fernando Bernues zuzendari Soka-k. Entrenamenduko sokarekin urkatuta 11 urteko bere ikasle baten gorpua aurkitzen duen gimnasia irakaslearen istorioa kontatzen du. Gertatutakoaren erruduntzat hartzen duen ingurune guztiak baztertuta, kulparen eta erantzukizunaren arteko mugak erakusten dituen bilaketari ekingo dio Igor pertsonaiak ikuskizunean zehar.

 

Antzerkigintza berriak

Soka lana, Donostia 2016 Fundazioak, Victoria Eugenia Antzokiaren, Gasteizko Principal Antzokiaren eta Arriaga Antzokiaren lankidetzarekin bultzatu duen eta SGAE Fundazioaren laguntza ere izan zuen 'Antzerkigintza Berriak' proiektuaren lehen edizioaren fruitu gisa sortu diren hiru antzezlanetako bat da. Beste lan biak Olatz Gorrotxategiren Coordenadas, Arriaga Antzokiak ekoiztua eta antzokian bertan estreinatutakoa 2016ko azaroan, eta Oier Guillanen Miss Karaoke, Gasteizko Principal Antzokiak ekoiztua eta han bertan apirilean estreinatu zena, dira. 

Bigarren edizioa jada abian den proiektu horren helburua idazketa dramatikoa sustatzea eta sortzen ari diren dramaturgoei, arte eszenikoekin erlazionatutako profesionalei eta artearen beste alor batzuetatik etorrita sorkuntza eszenikoan sartu nahi duten sortzaileei antzerkirako bidea zabaltzea da. Victoria Eugenia Antzokiaren, Arriaga Antzokiaren eta Gasteizko Principal Antzokiaren konplizitateari esker, antzezlan horietako batzuk eszenatokietara helduko dira.

Soka ikuskizunerako sarrerak 9 eta 15 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.