Hogeita bigarrenez antolatu dituzte Alde Zaharreko Haur eta Gazte Jardunaldiak Umeak Kalean elkarteko kideek. Bilboko bosgarren barrutian adingabeen aisiaz arduratzen den elkartea da hau, eta urteetan ume eta gazteekin lan egiten duten talde eta kolektiboen topagunea izan da.
Urtero bezala, asteburu honetan haur eta gazte jardunaldiak ospatuko dituzte. Ostiral eta larunbatean zehar auzoko hainbat elkarte eta eragilek elkarlanean prestatutako ekintzak burutuko dituzte, hala nola, eskolen arteko bertso topaketa, perkusio tailerra, trikitopaketa, euskal dantzak, magia ikuskizuna, puzgarriak, txokolatada…
Umeak Kalean "auzolanetik eta elkartegintzatik" sustatutako proiektua da, eta horregatik "beste elkarte batzuek jardunaldietan parte har dezaten" bultzatu nahi izan dute. Besteak beste, laguntzaile gisara parte hartu duten eragileen artean Jatorrak Eskaut Taldea, 7Katu Gaztetxea, Lur Soinuak musika eskola, Bizi nai dantza taldea, Bilboko Udala eta Alde Zaharreko hainbat eskola, saltoki eta ostalaritza enpresa daude.
"Indarrak, ekimenak eta ilusioak" batu dituzte proiektua aurrera eramateko, eta ekimenarekin auzoko neska-mutilek "kalea berreskuratu" dezaten nahi dute, "jolas eta gozamenerako toki bihurtuz". Oro har, helburua auzoko gizarte eta hezkuntza eragileek elkarlanean adingabeentzako aisialdirako "eskaintza osasuntsu eta sortzailea" garatzea da, eta gazteek euren artean elkar ezagutu dezaten. Horretarako, "gizartearen parte-hartzea garrantzitsua" dela adierazi dute, eta auzoko neska-mutilei "kalea itzultzeko" lanean jarraituko dutela.
Aurtengo jardunaldiak bi egunetan ospatuko dira, hurrengo egitarauarekin:
Maiatzak 12, ostirala
17:30 Pregoia: 7 Katu Gaztetxea
17:45-18:30 Eskolen arteko bertso-topaketa: Mujika Eskola, Atxuriko Eskola, Solokoetxe BHI eta Maristas Ikastetxea
18:30-20:00 Perkusio tailerra MUSTA-rekin
Maiatzak 13, larunbata
11:30 Kalejira: Trikitopaketa (ekarri trikitixa eta panderoak eta goazen zazpikaleak girotzera)
12:00 – 14:30 Puzgarriak eta tailerrak + Argazki-gynkana (12-17 urtekoentzat)
13:00 Euskal dantzak: Bizi nai
17:00 – 18:00 Magia ikuskizuna: Imanol Ituiño
18:30 Txokolatada
19:00 – 20:00 Kontzertua: The Godoys Wonderers eta jaiaren amaiera.