Anitzak bezain ikusgarriak diren bost pieza eskainiko ditu Martha Graham Dance Conpanyk Arriagan

uriola.eus 2017ko mai. 24a, 10:03

Martha Graham Dance Company, XX. mendeko artista iraultzaileenetako batek, Martha Grahamek, 1926an sortu zuen mundu osoko dantza konpainia ospetsuenetakoa, Bilbora helduko da gaur 20:00etan, Arriaga Antzokian emanaldi bakarra eskaintzeko.

Izan ere, Martha Graham (Pittsburgh, 1894 – New York, 1991) dantzari eta koreografo estatubatuarrak dantza modernoan izan zuen eragina, Picassok arte plastikoetan edo Stravinskyk musikan izandakoaren parekoa izan zen. 1998an, Time aldizkariak "Mendeko dantzaria" izendatu zuen. Horrez gain, zenbait interprete handik, Bette Davisek, Kirk Douglasek, Madonnak, Liza Minellik edo Gregory Peckek, berarengandik ikasi zuten gorputza adierazpen tresna gisa erabiltzen.

2005etik Janet Eilberren zuzendaritza artistikoaren esanetara lan egiten duen konpainia programazioaren ikuspegi berria ari da lantzen, Grahamen maisu lanak, artista garaikideek agindutako obra berriekin batera. Gaikako narraziogintza aberatsa eskaintzen duten egitarauekin, Konpainiak plataforma gehiago sortu ditu dantza garaikiderako eta sarbide anitz ikus-entzuleentzako. Janet Eilber aipatzea, nazioarteko dantzako lehen mailako figura aipatzea da, Broadwayen eta zineko filmetan ere aritutakoa. Bere ibilbidea Martha Graham Dance Companyko dantzari nagusi gisa hasi zuen, lankidetza estuan arituz Martha Graham berarekin. Martha Grahamek rol bereziak sortu zituen Janet Eilberrentzat, eta bere ibilbide luzeko paper nagusi gehienetan zuzendu zuen. Horrez gain, Janet Eilberrek mugarri azpimarragarriak ere baditu, Etxe Zurian bakarka dantzatzea edo Rudolf Nureyeven partenaire izatea, besteak beste.

Konpainia hau, bost pieza desberdinez osatutako egitarauarekin helduko da Arriaga Antzokira, aniztasunaren eta ikusgarritasunaren eredu. Lehen partean Deep Song, Dark Meadow Suite eta Woodland izeneko lanak eskainiko ditu, eta atsedenaldiaren ondoren Lamentation Variations eta Diversion of Angels lanekin osatuko du emanaldia.

Konpainiari buruz

Martha Graham Dance Company, dantza garaikideko lehen mailako konpainia izan da eta da 1926tik. Txaloak jaso ditu 50 herrialde baino gehiagotan, eta agertoki hoberenetan aritu da, eta baita Egiptoko piramide handien behealdean edo Atenaseko Akropoliko Herodes Atticus Antzokian ere. Gaur egun, Martha Graham Dance Companyk aurrera jarraitzen du bere sortzailearen maisu lanak eta gaur egungo artisten beste lan batzuk indar osoz erakutsiz.

Master Class – Martha Graham Dance Company

Arriagan eskainiko duen emanaldia era bikainean osatzeko, hurrengo egunean, ostegunean, maiatzaren 25ean, Martha Graham Dance Companyk 90 minutuko Master Classa eskainiko du. Bertara doazenek, Martha Grahamek sortutako hiztegi fisiko ospetsua ezagutzeko aukera izango dute. Klasea Denise Valek, paper nagusiak betez eta balleteko bakarkako lanak eginez 1985etik konpainiarekin ari den artista bazkide nagusiak, eskainiko du. Ikasleek, dantza eskoletatik datozen maila ertaineko eta aurreratuko dantzariek, Grahamen berrikuntzak eta "kontrakzio eta erlaxatze" kontzeptua ulertuko dute, adierazpen fisiko modu paregabe horren oinarriak landuz. Halaber, esaldi koreografikoak, eta Martha Graham Dance Companyk Bilbon eskainitako emanaldiko errepertorioko mugimenduak ere erakutsiko dira. Jarduera hori, arte eszenikoekin erlazionatuta dauden eta Arriaga Antzokiak bultzatzen dituen proiektu pedagogikoen barruan dago.

Ikuskizunerako sarrerak 12 eta 42 euro artean erosi daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.