Anne-Sofie von Otter mezzosopranoak Brooklyn Rider laukotearekin elkartuko ditu indarrak

uriola.eus 2017ko mai. 25a, 08:35

Arriaga Antzokiak, kritikaren iritziz bere belaunaldiko mezzosoprano hoberenetakoa den Anne-Sofie von Otter jasoko du gaur, maiatzaren 25ean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Bakarlari suediar bikaina mundu osoko auditorio hoberenetan aritu da, lan asko argitaratu ditu eta oso sari garrantzitsuak jaso ditu, Ahozko Interpretazio Klasiko hoberenaren Grammya edo Diapason d’Or sari bat, besteak beste.

Gainera, bere moldakortasunari eta izpiritu berritzaileari esker, lirikatik harago dauden eremuetara ere hurbildu da, zenbait artistarekin arituz, Elvis Costellorekin edo Brad Mehldau piano jolearekin, besteak beste.

Orain, bere ezaugarri nagusietakoa den abenturarako izpiritu horrekin bat etorriz, biolinak, biola eta biolontxeloa rock izar gazteen energiarekin jotzen dituzten lau musikari klasikok osatzen duten Brooklyn Rider hari laukotearekin elkartu da. Kamerako musikaren etorkizuna direla esan du askok, eta euren zuzeneko emanaldia gertuago dago XXI. mendeko ensemble bizi eta sortzailetik ohiko kamera laukotetik baino. Johnny Gandelsman eta Colin Jacobsen biolinekin, Nicholas Cords biolarekin eta Michael Nicolas biolontxeloarekin, interpretaziorako duten indar eta intentsitate guztia Anne-Sofieren esanetara jarriz, Arriagara hurbiltzen diren ikus-entzule guztiak osteguneko gauean euren magiaz betetzeko. 

Arriagako kontzertuan, Anne-Sofie von Otterrek eta Brooklyn Rider taldeak osatutako emanaldiak, errepertorio eklektikoa eskainiko du, oso soinu indartsuz, duela denbora gutxi elkarren artean egin duten So many things laneko kantak jasoz. Bertan, Nico Muhlyk edo Caroline Shaw Pulitzer sari baten irabazleak eurentzat idatzitako lanak, Colin Jacobsen rider-aren konposizioak eta estilo anitzetako artisten konposizioen musika moldaketak jasotzen dira. Artista horien artean John Adams, Elvis Costello, Sting, Rufus Wainwright edo Björk aipa daitezke.

Ikuskizunerako sarrerak 12 eta 42 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.