Monteverdiren madrigalei buruzko azken ikuskizuna jasoko du Arriagak

uriola.eus 2017ko mai. 25a, 09:00

Asteartean, maiatzaren 30ean, eta asteazkenean, hilak 31, konposatzaile italiarrak idatzitako zortzi madrigaletatik bigarrena den Secondo Libro dei Madrigali a cinque voci lanean oinarritutako ikuskizunaz gozatu ahalko dute bertaratzen diren lagunek.

Arriaga Antzokiko eszenatokiak, jaio zenetik 450 urte betetzen direnean Claudio Monteverdi (Cremona, 1567 – Venezia 1643) konposatzaile italiarraren figura gogorarazten duen zikloaren laugarren jardunaldia jasoko du, azkena alegia. Datorren asteartean, maiatzaren 30ean eta asteazkenean, 31n, Duermevela antzeztuko dute, Kabia teatro konpainiak, Borja Ruizen zuzendaritzapean, Secondo Libro dei Madrigali a cinque voci izenekoan, Monteverdiren zortzi Madrigal liburuen artetik bigarrenean, oinarritutako lana. Liburua 1590ean argitaratu zen, konposatzaileak 22 urte baino ez zituenean. Bigarren liburu hartarako, Monteverdik Torcuato Tassoren hainbat poema erabili zituen.

Duermevela lanak malenkoniari buruzko saiakera plastikoa izan nahi du, lorik egin ezin duen emakumearen egoera malenkoniatsuari buruzko testuak (musika laguntzarik gabe) eta egile bikainaren musikak lagundutako ikus-eszenak konbinatzen dituen Monteverdiren lan horretan oinarrituta. Dramaturgiak Joseba Sarrionandiaren, Alejandra Pizarniken, Jay McInerneyren eta Alberto de Cuencaren testuen ukituak ere baditu.

Antzezpena bi mutilen eta bi nesken eskutik etorriko da, Joseba Uribarri, Iosu Florentino, Ane Pikaza eta María Goirizelaia, hain zuzen ere. Halaber, musika emanaldia Alegria4 ahots taldearen eskutik etorriko da, oraingoan boskote formatuan, Cecile Van Wetter eta Helene Obadia sopranoek, Claire Geoffroy-Dechaume kontraltoak, Gorka Robles Alegria tenoreak eta Frederic Bang-Rouhet baxuak osatzen baitute. Gorka Robles Alegria ikuskizunaren musika zuzendaria ere bada.

Azpimarratzekoak dira, baita ere, Natxo Montero dantzari eta koreografoaren ekarpena, Eider Ibarrondoren eszenografia zaindua eta Azegiñe Urigoitiaren jantziak.

Sinopsia

Monteverdiren madrigalen bigarren liburua, malenkoniaren inguruko imajinarioa martxan jartzen duen pieza esperimental eta onirikorako agertokia da. Loak hartu ezinik dagoen emakumea, oroimenak eta sentsazioak errazago nahasten diren eta esna eta lo zauden egoeren arteko muga horretan, ardiak zenbatzen ari da, etsipenaren eta maitasun ezaren sendagai gisa. Bere buruan sartuko gara, bilis beltzez zikindutako irudizko collagean, edertasuna eta iluntasuna, umorea eta harridura nahastuz. Gau honetan, Monteverdik aipatzen duen maitasuna bere maitale leialenean, tristuran, baino ez du aurkituko emakumeak. 

Monteverdiri eskainitako zikloa

Arriaga Antzokiak, Monteverdiren jaiotzaren 450. urteurrena ospatzeko bultzatu duen zikloa, egile italiarraren madrigalei dago eskainita. Alderdi hori zortzi liburutan landu zuen, eta 2017 honetan lehenengo lauak eskaintzen ari dira. Martxoan, KEA Ahots taldeak Madrigalen arteko lehenengoa eskaini zuen, eta apirilean, Euskal Barrokensemblek hirugarren liburuaren bere ikuspegia eskaini zuen. Bi proposamen haiek foyerrean gauzatu ziren. Hurrengo biak berriz, duela gutxi Khea Ziater konpainiak eta Segreto a voci taldeak laugarren liburuari buruz gauzatutakoa, eta datorren astean bigarren liburuari buruz eskainiko dena, eszenatokian garatuko dira. 

Claudio Giovanni Monteverdi (Cremona, 1567 – Venezia 1643) Errenazimenduko eta Barrokoko musikaren arteko trantsizioak eman zuen figura garrantzitsuena da. Historiako lehen operatzat hartzen dena idatzi zuen: L’Orfeo. Bere konposizioek ezin hobeto uztartzen dituzte harmoniak eta disonantziak, soinu emaitza paregabea lortuz.

Ikuskizunerako sarrerak 13 eta 18 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.