Regueifak eta bertsolaritzak bat egingo dute gaur eta bihar

uriola.eus 2017ko mai. 26a, 09:27

Galiziar Letren Eguna da maiatzaren 17a. Egun horren garrantzia azpimarratzeko Galizaleak elkarteak duela bi urte antolatu zituen jardunaldiak errepikatuko ditu aurten ere "galiziar eta euskal errealitate kulturalak kontaktuan" jarri asmoz. 

Era askotako programa antolatu dute Galizaleak elkarteko kideek gaur eta bihar Zazpi Katu gaztetxean euskaldunen eta galiziarren arteko "antzekotasunak ukitzeko". 

Gaur Euskal Herriko Batallón Celta (19:00) eta Galego de Asturias hitzaldiak (20:00) eta As Neitas de Maurizia euskal-galiziar folk taldearen kontzertua (22:00) izango dira. 

Larunbatean, berriz, A Regueira Galiziako bertsolaritzari buruzko hitzaldia (12:00), musika eta bertsolaritza uztartuko dituen kalejira Bilbo Zaharretik hasita (20:00) eta Akerjenbe (hip hopa, Bilbo) eta Ezetaerre (hip hopa, Galizia) taldeen kontzertuak (22:00) izango dira. 

 

Larunbata

12.00 Palestra de Sara Marchena e Esther das Luras: MULLERES, REGUEIFAS E FEMINISMO 

Zer da regueifa? Nondik dator? Nolakoa da regueifa egiteko prozesu mentala? Zer gertatu da eta gertatzen ari da ahozko inprobisazio galiziarreko munduko emakumeekin?

Hitzaldiaren eta tailer txikiaren bitartez, galdera hauei erantzuten saiatuko dira. Regueifa oso bertsolaritzaren antzeko fenomenoa da, eta regueiferek ikasitakoa irakastea dute xede, baina, batez ere, Nova escola de regueifeir@s proiektua bultzatzeko erabiltzen ari den indarra ekarriko dute Bilbora. 

 

20.00 Kalejira Bilbo Zaharreko plazatik hasita: MÚSICA, REGUEIFEIRAS E BERTSOLARIAK 

Zazpikaleetan auzotarrei eta bisitariei "ustekabe atsegina" emango diete "bertsolaritza-regueifa mestizajearekin".

"Bi ilusio" dauzkate Galizaleak taldekideek. Lehena, "Bilboko jendea Galizian bertsolaritzaren antzeko fenomenoa dagoela ohartuko da. Bigarrena, arratseko protagonistak izango diren neska bertsolariak eta regueifeirak elkar komunikatuko dira haien estilo eta hizkuntza desberdinekin, aldibereko artisau-itzulpenaren bitartez".

Sara Marchena eta Esther das Luras regueifeirak hartuko dute eta Aissa Intxausti, Eztizen Artola eta Uxue Elorriaga bertsolariak.