Bilbo Zaharrean egitekoa den 'Hirian' jaialdiak auzoko elkarteen kexak eragin ditu

>>>> 2017ko eka. 6a, 10:43

Hirian jaialdiaren aurkezpena, kartela eta auzotarren kexa

Hirian izeneko egistasmoa Bilbao BBK Live jaialdiaren lehen platera izateko jaio den zuzeneko emanaldi-sorta da. Last Tour eta Bilboko Udalaren ekimenak Bilbo Zaharrean leku hartuko du lehenengoz aurten, ekainaren 10ean, auzoaren nortasun berritzailea ezagutzera emateko, baina auzoko elkarteak kontutan hartu gabe.

Kobetako jaialdiaren bezperan eta jaialdiak iraun bitartean talde partaideetako batzuk hirira jaisten ziren musikazaleen gogoa piztera, eguerdi eta arratsalde aldera. Zizka-mizka bezala balio zuten kontzertutxoak eskaini izan dituzte bai espazio publikoan bai aretoetan. Beti ere, erdigunetik aldendu gabe. 

Horixe da aldatu dena. Kontzertu horiei forma, izena, data eta kokaleku berria eman diote Hirian egitasmoarekin. Bilboko Udalak eta Bilbao BBK Livek, Heinekenen laguntzarekin, hiriko auzorik zaharrenetakoa aukeratu dute Bilbao BBK Liveri aurrea hartuko dion Hirian jaialdia antolatzeko.

Jaialdiaren "muina" auzoko bost gunetan bilduko da "Bilboko kultura urbanoaren erreferente den auzo honen balioak" Bilbao BBK Live jaialdiko publikoari erakusteko helburuarekin. "Publiko, adin eta kultura guztietara zabalik dagoen ekimena" izango dela iragarri dute. Guneak Mariaren Bihotza plaza, Erribera plaza, Castillo Jeneralaren kalea, Peso Neto (San Frantzisko kalea, 1) eta Martzana kaia izango dira.

Hortaz, ekainaren 10ean eguerditik aurrera 25 banda baino gehiagok Bilbo Zaharra musikaz beteko dute. Ikuskizunak doakoa izango dira eta askotarikoak, musika generoaren aldetik. Rock eta pop talde entzutetsuak, esaterako Triángulo de Amor Bizarro, Novedades Carminha edota Bigott; kultura desberdinetako artistak, Omar Souley¬man, esaterako; haurrentzako musika, Ene Kantak edota Petit Pop taldeen eskutik; euskal rock talde nagusiak, Sorkun edota Niña Coyote eta Chico Tornado; eta rock, pop, folk... bai eta elektronika, Basoa egitarauaren eskutik.

Programazioa osatzeko, "Bilbo Zaharreko jarduerarik sustraituena eta dinamizatzaileena den" Maiatzaren 2ko Azoka "musikaren inguruko azokatxo tematiko" bihurtuko dute. Azoka jardunaldiko "beste eszenatoki bat" izango da.

Ikuskizunari amaiera emateko animazioa eta kalejirak izango dira antolatzaileen esanetan. 

 

Auzotarrak kexu

Hirian jaialdia "hiritarren iritzia kontutan hartu gabe" eta "auzoarekin elkarlana egin gabe" abian jarri dutela salatu dute mezu batean Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Koordinakundeak eta Sarean kultur elkarteak. "Ez da lehen aldiz, zoritxarrez, erakundeek horrela jokatzen dutena. Hainbestean egin ohi dute eta... Auzorako bai baina auzotarrok kontuan hartu barik", diote. 

Antolatzaileen esanetan, "Bilbao BBK Live jaialdiko publikoari erakusteko etengabe aldatzen ari den eta Bilboko kultura urbanoaren erreferente den auzo honen balioak" erakusteko egiten dute. Auzoko elkarteen iritziz, aldiz, "auzo hau agertoki xelebretzat hartzen dute kulturaren eredu kontsumitzailea zabalduz, eta noizbehinkako ekitaldiekin espazio publikoa jaialdi merkantilista bihurtzen dute. Eta bide batez, gurata ala ez, neurririk bako turismoa gainera botatzen digute hirian, eta gure auzoan ere bai, horrek dakartzan gentrifikazioaren ondorio latzak kontuan hartu barik. Ez da huskeria, eta horrek biziki kezkatzen gaitu hauxe baita hiria biziberritzeko eta ekonomikoki sustatzeko gure udalburuek duten apustu bakarra. Hauxe da, eta ez besterik, eurek duten etorkizunerako eredua".

Argiro azaldu dute elkarteek #Hiritarrokin izenburua duen testuan ez dutela Hirian jaialdia oztopatu nahi. Alderantziz, musika saioekin auzokideek goza dezatela espero dute. Une honetan, garrantzitsutzat jo dute jaialdia "zelako moduetan egin den ere ezagut dezatela". Horregatik Udalari jarrera aldatzeko eskatu diote, "auzoko kultur eragileekin zintzotasunez elkarlana eta benetako elkarrizketa gauzatuko bada". Azken batean, "auzoari bizkarra emanez egiten dena, dena delakoa, ez dugu ontzat emango", erantsi dute.

 

Ondorioen zain, elkarlanaren zain

Zazpi hilabete "luze" zain daramate Bilbo Zaharreko elkarteek Udalak burutu zuen "azken prozesu parte-hartzailearen ondorioak ezagutzeko". Elkarteen arabera, prozesu hura "ederto ondo saldu ziguten tresna erabilgarri eta itxaropentsu moduan, bertan sutsuki parte hartzera eta haren ondorioen zain egotera gonbidatuz". Prozesu haren bitartez, Bilbo auzoetarako egitasmoen plangintza "osatuko zela esan ziguten, bai baina horren arrastorik ez da, isiltasun etsigarria baino ez".

Hirian proiektua bada Udalaren plangintzaren lehentasuna, "jai daukagu" diote elkarteek. Ez "jaialdi handigura hau" antolatzeagatik bakarrik, baizik eta egiteko moduagatik. Izan ere, jaialdia antolatzerakoan "ez dituzte auzoko eragile kulturalak kontuan hartu", eta "kontuan hartu izan balituzte laster batean ohartuko ziratekeen auzoko eragile kulturalak elkarlanean ari direla urte osoan zehar giza eta kultur arloak komunean garatzen. Ez zuketen lehendik zeuden ekitaldien ordu berean programatuko, ezta euren ekintzak zapuztuko ere".