Atzo arratsaldean kontzentrazioa egin zuten Alde Zaharreko hainbat kidek Liher Aretxabaleta auzokideari babesa emateko. Hurrengo ekainaren 28an eta 29an epaituko dute Madrilgo Audientzia Nazionalean. 40 urteko espetxe zigorrari aurre egin beharko dio epaiketan.
Libre dinamikako kide batek URIOLAri jakinarazi dio elkarretaratzearen helburua Liherri babesa eman eta salaketa auzora zabaltzera dela. Esan duenez, auziagatik baino, "bakearentzako suposatzen duen oztopoagatik elkarretaratu gara". Euskal jendarteak konponbidearen alde emandako pauso guztien ostean, ETAren armagabetzea "horren azkenengo adierazle argia" izanik, Estatu espainarraren "salbuespen politikak bere horretan" jarraitzen duela kritikatu dute plataformatik. Horrekin batera, euskal jendarteak bakea eta askatasuna adierazi duela gehitu du, "ez dugu konponbidearen kontrako eraso gehiagorik onartuko".
Liherren epaiketa ekainaren 12 eta 13rako ezarrita zegoen eta bi astez luzatzea erabaki dute "epaile aldaketa dela medio". Fiskaltzak aurkitu duen proba berriei buruz ez du ezer aurreratu, eta "ez dakigu Liherri zer egotziko dioten".
Atxiloketa
Liher Aretxabaleta 2007ko uztailean atxilotu zuen Frantziako poliziak Saint Thibault des Vignesen Iker Beristainekin batera. Pisu batetik bestera furgonetan ETArekin lotura zuen materiala garraiatzen ari zen. Talde armatuaren Comando Imanolen burua izatea leporatu zioten beste akusazio batzuen artean. Terrorismo delituak eta dokumentuen faltsutzea egotzita Frantziako Fresneseko kartzelan bost urteko espetxe zigorra bete ondoren, Espainiar Estatura trasladatu zuten 2012an. Egun, aske dago.