Hamaika urte eman zituen tabernari Somera kalera ailegatu baino lehen. Semillas Antuñanok orduan betetzen zuen lokala hartu zuen Zamakona II taberna zabaltzeko. 38 urte eman ditu bertan Juanitak, "beti jende artean, gustura". Gaur, goizean "paper batzuk" konpondu ostean, azkenengoz zabalduko du taberna. 22:30ean itxi eta azken metroa "koiuko" du etxera joateko. 75 urterekin jubilatzea erabaki du.
Juanita Zamakona bezala ezaguna den arren, bere abizena Ormaetxe da. Zamakona bere gizona zen. Duela hiruzpalau hamarkada "horrela izan behar zela" pentsatzen eta jarduten zelako ipini zion senarraren abizena tabernari. Baina argiro dio taberna berea izan dela (bere izenean egon da), eta berak gobernatu duela. Noizbehinka lagundu ere egin diotela aitortzen du. Somera kaleko tabernari aintzindarietako bat izan da bera.