Gatzaren Altxamendua ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte uztailean

uriola.eus 2017ko eka. 22a, 09:26

1631 eta 1634 artean gertatutako herri altxamenduan gertakari garrantzitsuen lekuko izan ziren uriko zenbait txoko ezagutzera emago dira. Ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute eta euskaraz eta gaztelaniaz izango dira. Bisita gidatuak uztailaren 1etik 29ra egingo dituzte.

Uztailaren 1etik 29ra, Bilboko Arriaga plazan hasita, 1631 eta 1634 artean gertatutako herri altxamenduan gertakari garrantzitsuen lekuko izan ziren zenbait txoko ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko dituzte. Oinezko ibilbideak, Ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programaren barruan egingo dira. Edizio honek, azken gerrak eta beste borrokaldi historiko batzuek hirian utzi zuten aztarna eta historia izango du ardatz.

Bisitak ordu eta erdi inguruko iraupena izango du eta euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 16:00etan eta 18.00etan; ostegunetan eta ostiraletan 10:00etan, eta 17:00etan, ostiral arratsaldean euskaraz, eta larunbatetan 10:00etan, eta 12:00etan, datorren uztailaren 29ra arte. Horrez gain, bisita euskaraz egin nahi duten taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango dute, talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 94 401 00 10 / 010 telefono zenbakira deituz ekainaren 26tik, aurrera. Bisitarako topalekua Arriaga plazako ikurriñaren azpian izango da. Ohikoa denez, bisita gidatuek udako etenaldia izango dute abuztuan, eta berriro ekingo zaie irailaren hasieran.

Altxamendua

Gertakariak, gatzaren prezioa %44 igotzea eta, aldi berean, bilduta zegoen gatz guztia bahitzea eta une horretatik aurrera gatza saltzeko baimena Errege Ogasunera mugatzea erabaki zuen errege aginduaren ondorioz piztu ziren 1631n. Gatazka ekonomikoa izan zen, baina baita gizarte mailakoa ere, eta Foruen defentsari, udal agintean legez kanpo sartzeari eta bide gabeko aberastasunari buruzko eskariak eta protestak ere barne hartu zituen. Altxamendu hartako gertakari garrantzitsuenetako batzuk Bilboko hirian gertatu ziren. Hori dela eta, bisita honetan, gertakari latzak jasan zituzten agertokiak ikusiko dira, eta altxamendu horren zergatiak eta ondorioak ezagutuko dira. Gatzaren estankoa zer zen eta Bizkaiko biztanleentzat, eta batez ere Bilboko herritarrentzat, zergatik zen hain garrantzitsua azalduko da.