Munduko Arrozak jaialdi soziokulturalak auzoek pairatzen duten giza-bazterkeria salatuko du

uriola.eus 2017ko eka. 27a, 10:12

Argazkia: mundukoarrozak.info

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako taldeen koordinakundeak antolatzen dute urteroko topaketa gastronomiko auzotarra. Oraingoan 14. edizioa ospatuko dute. Auzoko kulturak eta aniztasuna plazaratzeko hainbat ekimen egitearekin batera, auzoek jasaten duten giza-bazterketa ere salatuko dute.

Hurrengo larunbatean, uztailaren 1ean, San Frantziskoko Mariaren Bihotza plazan jendetza bilduko da beste urte batez Munduko Arrozak topaketa gastronomiko-soziokulturala ospatzeko. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako taldeen koordinakundeak antolatzen dute. Kulturartekotasuna eta parte hartzea bultzatzea dira haien helburuak, “horretarako han eta hemen jaiotako pertsonen topaketak sustatzen ditugu”. Antolakundetik adierazi dutenez, “arroza da gure errealitatearen ikurra eta sukaldaritza lehiaketan erabili behar den produktu nagusia”. Aurten, 14.edizioan, arrozaren inguruan 115 talde eta 3.500 pertsona elkartuko direla jakitera eman dute, “harremanak sortuko ditugu eta gure auzoetan dagoen aniztasuna konpartitu eta gozatuko dugu”. Jaialdia kulturen arteko elkargunea izatearekin batera, auzoek pairatzen duten giza-bazterkeria salatzeko eguna ere izango da, horregatik 13:00etan manifestazioa egingo dute auzoan zehar.

Egitaraua

09:00 Mahai eta aulkien banaketa izena eman dutenei

11:00 Umeentzako jolasak, abestiak, poemak eta arrozen prestaketa taldeka

13:00 Manifestazioa auzoko kaleetan zehar

13:30 Munduko Arrozak lehiaketa gastronomikoa

14:30 Herri bazkaria

16:00 Dantzen emanaldia eta sari banaketa

Webgune berria

Aurreko ostalaritzarekin arazoak izan ondoren, Munduko Arrozak webgune berria dutela informatu dute. Zenbait aldaketa egin dituzte, hala nola, azalean argitaratutako azken berriak ikusteko aukera eta goiko menuan jaia edota herri bakoitzaren banakako orriko sarbidera zuzenean jotzeko parada. Gainera, behealdean argitaratu diren azken berriak ikusgai egongo dira.