BilbaoArtek Cristian Villavicencio 2016an beka lortu zuen artistaren erakusketa hartuko du uztailean. Dimensiones paralelas lanean artistak prozedura artistikoaren eta ikerketa zientifikoaren arteko harremana aztertu nahi du, biologia, historia edo geografia nahasten duten piezak sortuz. Hortik agertzen den lana aldatu egiten da mikroorganismoen edo airearen eraginez. Erakusketa uztailaren 6an, 19:30ean, inauguratuko da eta ikusgai izango da arratsaldez, 2017ko uztailaren 7tik 26ra, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikoko zentroan.
Cristian Villavicenciok lan egiten du Eskola Politekniko Nazionaleko Zientzia Biologikoen Institutuan, Ekuadorren, eta Indietako Agiritegi Nagusian, Espainian. Lan horretan gero eta ohikoagoa den praktika bat ikusi du: artistek zientzien arlora igarotzea. Artista ikertzaile denean, artearen praxien mugak igarotzen ditu, diziplinarik gabe, beste diziplina batzuk lantzeko. Horrela jaio da Dimensiones paralelas.
Erakusketan eskulturak, bideoak eta elementu mekanikoak presente daude, eta metodo zientifikoa eta praktika artistikoa kontrajartzen ditu. Ikuslea espezimen disekatuen eta ilustrazio historikoen aurrean jartzen du, eta horiek begiratzeko zer sistema sortu diren galdetzera eramaten du. Horrela, bada, ikerketa biologikoaren historia erregistratzeko moduaren inguruko kezka bat agertzen da.
Artistak media-arteko baliabideak erabiltzen ditu ezagutza, historia, zientzia eta artxiboaren kontzeptuak ulertzeko beste modu batzuk aurkitzeko. Zooma aplikatzen die animalien azalei, fosilizatutako hezurrei edo harkaitzei, horiek baitira ezezagunera heltzeko giltza, inoiz eskuratuko ez dugun memoria batera heltzeko giltza.
Erakusketa zabalik izango da astelehenetik barikura, 17:30etik 20:30era. Sarrera doakoa izango da.
Cristian Villavicencio
Cristian Villavicencio Quiton jaio zen 1984an eta artista eta ikertzailea da eta gaur egun La materialidad en la imagen en movimiento izeneko doktorego tesia egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere lanak pertzepziorako bide berriak eta mugitzen den irudiaren eszenaratzea lantzen ditu, bai eta horrek ikuslearekin daukan harremana ere, batez ere ikuspegiaren eta gorputzaren kontzeptuak erabilita.
Bere lanak Euskal Herriko museoetan egon dira, adibidez Montehermoso Kulturunean eta Guggenheim Bilbao Museoan, eta atzerriko zentroetan, esaterako Ars Electronica Jaialdiko 10 years Interface Cultures exhibition erakusketan (Linz, Austria); Oportoko Fernando Santos Galerian (Portugal); Buenos Aireseko Mugitzen den Irudiaren Bienalean (Argentina); Arte Laguna Prize (Arsenale - Venezia, Italia). 2016an Guggenheim Museoak New Yorken eta Bilbon antolatutako Basque Artist Program beka jaso zuen.
Ikerketa artistikoko egoitza-aldiak egin ditu erakunde hauetan: York University, Sensorium Centre for Digital Media Research Toronton, Kanada, (2015); Interface Cultures Department Linz-eko Arte eta Diseinuaren Unibertsitatean, Austria (2014) eta Pekineko MA Studio, Txina (2012).