Etorkizun handiko ehun urteko museoa

bertonaldizkaria 2017ko uzt. 11a, 08:30

Argazkia: Bilboko Euskal Museoa

1917ko ekainaren 11n, aho batez onartu zen Euskal Museo Etnografikoa sortzea, gaur egungo Bilboko Euskal Museoaren jatorria, "Euskal Herriaren ezaugarriekin lotuta dauden eta haren izaera osatzen duten objektuak biltzeko asmoz"2017ko ekainaren 11n, 100 urte geroago, Bilboko erakundeek ekitaldi batekin ospatu dute gertakari hori.

Bilboko Euskal Museo Etnografikoa duela 100 urte sortu zen euskal kulturako objektu eta lekukotzak berreskuratzeko, zaintzeko eta babesteko. Kultura demokratizatzeko prozesuan jaio zen museoa osasuntsu heldu da mendeurrenera. Bisitariak geroz eta gehiago dira, iaz sasoi berean baino %40 bisitari gehiago jaso dituzte jada aurten, eta geroz eta ezberdinagoa da euren jatorria. Anitzagoa. Pentsa, 2016an museoan sartu ziren 55.000 lagunen artetik EAEtik kanpokoak %40 izan ziren. Sorkunde Aiarza Euskal Museoaren koordinatzaileak Argentina eta Mexikotik heldutako bisitarien kopuruak gora nabarmen egin duela aipatzen du. “Euren jatorriaren bila datoz, euren arbasoen kultura ezagutzera”.

Horiek eta gainerako lagunek museoko klaustroan hasten dute bisitaldia. Museoko leku “ederrenetik”, bertan baitako Euskal Museoko piezarik ezagunena, Mikeldi idoloa. 2015ean berriztu zuten idoloa hezetasunak eragindako kalteak konpotzeko. Izan ere, klaustroaren erdian kokatuta dago, baldintza klimatikoen menpe. Eta horixe da aurrera begira museoak egingo duen aldaketetako bat, klaustroa estaliko du. Hurrengo urtean “garai honetarako”, espero du Aiarzak estalkia izatea Mikeldiak.

Egun estalkiaren proiektua lehiaketa fasean dago. 22 arkitektok beren lanak  aurkeztu dituzte. “Horietako hirurekin lotu gara, bat aukeratzeko”. Museoko arduradunek epe laburrean emango dituzte ezagutzera proiektuaren zehaztapenak. Besteak beste, klaustroa itxita izateak aukera emango die “leku gehiago irabazteko eta progamazio iraunkorraz gain ekintzak antolatzeko zerura begira egon barik”.

Izan ere, asko dira museoak azkenaldian antolatzen dituen kultur jarduerak. Hitzaldiak, zinema zikloak, antzerkiak, erraldoiak dantzatzen ikasteko tailerrak, piknik kulturalak... eta horretarako “lekurik aproposena” klaustroa da. Espazio “ederra” delako eta “aparteko ezaugarri akustikoak” dituelako. “Jendeak, gainera, horrelako jarduerak” eskatzen ditu, “betiere gure kulturarekin lotutako piezak”.   

Aurrera begira, “oso baikor” dira Euskal Museoko kudeatzaileak. Inbertsio aldetik, esaterako, museoa moldatzeko proiektu estrategikoak aldaketa handiak eragingo baititu epe ertain, luzean. Museografikoki berritu egingo dute, duela 30 urtekoa baita oraingo egitura, eta “egungo beharrizanetara” egokitzeko unea heldu zaiola erabaki baitute. Teknologia gehiago sartuko dute, “baina ez lar”, “oreka” izateko “diskurtso aldetik”. “Zer erakutsi antolatzen ari gara”, dio Sorkunde Aiarzak, “eta zelan egin adostea izango da hurrengo pausoa”. Aldaketa estrategikoa etapaz etapa egiten ari dira, “erabakiak ezin baitira arineketan hartu”.

Obrak iristen direnean bisitariei “ulergarritasuna” eskatuko diete, “museoak beste 100 urte betetzeko “beharrezko pausoak” eman ahal izateko.

 

Frivolitè

“Burua galtzeko moduko erakusketa” da Frivolitè izeneko erakusketa, egun museoan ikus daitekeena. XVIII. mendeko jantzien bilduma, Donostiako San Telmo Museotik ekarria. “Paseo bat garai konplexu, dotore, gehiegizko, xalo, exotiko, sentsual eta fribolo bateko gustuetan zehar”.

Teknikoki eta Euskal Museoak duen lantaldeagatik “erronka” izan da erakusketa hau. Baita San Telmo Museoarekin “lotura sendotzeko” modua ere.