#Borrokanrrola aldarriaren baitan mozal legearen ondoriokjasan dituzuen hainbat pertsona zaudete. Oier, Peio eta Alberto, zein da zuen kasua?
Peio: Izarbeltz ateneoaren utzaraztea salatzeko manifestazioa izan zen Ostiral Santuan, eta dirudienez ez zegoen manifestaziorako baimenik. Manifestazio ostean pote bat hartzera gindoazela gure lagun Alberto identifikatzen ari zirela ikusi genuen. Begira gelditu ginen. Atzetik etorri zitzaizkigun ertzain batzuk identifikatu gintuzten, hiru lagun ginen, eta esan ziguten isuna jarriko zigutela legez kanpoko manifestazio batean parte hartzeagatik. Hurrengo egunean jakin genuen El Correo irakurtzean istiluak izan zirela Santiago eliza barruan zerbait bota zutelako. Gero jasotako autoan zehaztu zuten gu ginela manifestazioan aginduak eman genituenak eta antolatzaileak.
Peio: Alberto identifikatzean auzokide batek entzun zituen ertzainak esaten 'beste lau behar ditugu', eta horrela izan zen, beste lau atxilotu gintuzten.
Alberto: Ni ez nintzen manifestazioan egon. Kalean nengoen beste ekimen batean parte hartzen, eta lagunak agurtu baino ez nituen egin. Beltzez jantzita negoelako etorri ziren nigana. Herritarren Segurtasunerako Legea ezarriko zidatela esan zidaten hasieran legez kanpoko manifestazio baten parte hartzeagatik. Izan ziren istiluak baliatu zituzten zigor bidetik ere ekiteko, eta desordena publikoak egitea leporatu zidaten. Zigor bidea ez dute itxi oraindik. Epaitegian deklaratu genuen. Kasuak artxibatuko duten itxura dauka ez baitute inolako frogarik.
Helegitea aurkeztea eraginkorra da?
Mozal legearen arabera autoritatearen hitzak herritarrenak baino gehiago balio du. Zure hitzak beraienaren aurka ez dauka aurrera egiteko aukerarik. Gainera, errekurtsoa aurkeztean Segurtasun sailburuari aurkezten zaio, tranpaz betetako bidea da, isuna jarri dizun administrazioari aurkezten baitiozu helegitea.
Julen: Zaila ematen badu ere, mozal legea oinarritzat duten hiru epaiketa irabazi dira Bilbon. Horretaz, oraintsu enteratu gara.
Alberto: Hiru irabazi badira ere ez dakigu zenbatek ordaindu duten isuna eta zenbatekoa. Jendeak aurretik ordaintzea eta isuna gainetik kentzea nahiago du.
Julen, zure kasuak absurditatearen mugak gainditzen dituela diozu. Zergatik?
Julen: Goiz batean auzoko beste tabernari batek eta biok rock and rollaren seinuarekin agurtu genuen elkar. Beti egin ohi dugun moduan. Antza, inguruan Ertzaintzaren furgona bat zegoen. Nik ez nuen ikusi. Joan nintzen kafea hartzera, eta tabernatik atera ninduten esanez adarren seinua furgonari egin niola. Jarri ninduten hormaren kontra eta identifikatu ninduten. Eurek ere kontutatu ziren zentzugabea zela egoera. Baina poliziak direnez atzera ez dute egiten. Berlangaren pelikula zirudien hurrengo bost minututan gertatuak. Inguruko hainbeste tabernari eta hornitzaile agertu ziren zer gertatzen zen galdezka. Sekulako zurrunbiloa sortu zen. Esan zidaten isuna iritsiko zitzaidala, baina momentuz ez zait iritsi. Astakeria da.
Zein erantzun izan du antolatu duzuen #Borrokanrrola kalejirak?
Julen: Oso ona, baina sorpresak ere izan ditugu. Bezero batzuk argiro esan didate 'ezinezkoa da hori Euskal Herrian gertatzea'. Baina, bai, horrela gertatu zen. Argi genuen umoretik eta kritikatik nahi genuela erantzun oso kasu zentzugabe eta barregarriak direlako gureak. Egian esan, jendea bere kabuz hasi da argazkiak egiten eta elkartasuna adierazten. Pertsona eta talde asko agertu dira laguntzeko prest. Ez dugu nahi Julenen kasuan geratzea. Lau lagun batu gara, baina Alde Zaharrean gutxienez beste hiru kasu ere badaude. Deialdia egin nahi dugu auzoetan ere salaketa egiteko. Izan ere, salaketa gabe ez dira kasuak ezagutzen, eta hori da eurek nahi dutena.
Alde Zaharrean Poliziaren presioa salatu duzue. Noiztik gertatzen da?
Peioa: Igarri dugu badela lotura argi bat inposatu nahi diguten turistentzako Alde Zahar ereduari eman dioten bultzadaren eta indar polizialaren presioaren artean. Egur gehiago ematen ari dira harrezkero.
Aurrera begira zer egingo duzue?
Udan zehar mozal legearen aurkako txinpartari eutsiko diogu. Irailean nahi dugu eragileekin hitz egin eta Bilbo mailako asanblada bat antolatzea. Era berean, musika talde batzuk bere burua eskaini digute laguntzeko, eta auzoan ditugun espazioak aprobetxatuko ditugu kontzertuak antolatzeko tarteka. Kontzertuetan datuen balantzea egingo dugu. Gure ekarpen xumea da.
Bi urtetan 11.000 isun ezarri dituzte Ertzaintzak eta Nafarroako Foruzaingoak.
Julen: Datuak izugarriak dira. Argia aldizkariak emaniko datuen arabera, 2015eko uztailetik 2017ko martxora arte EAEn droga eramateagatik ezarri dira isun gehien, 4.000 bat, Poliziari irain egiteagatik 2.467, identifikatzeari uko egiteagatik 941 eta eremu publikoaren erabilera desegokiagatik 553.
Herritar guztiei berdin eragiten die mozal legeak?
Julen: Ez dago kolpatutako kolektibo berezirik. Kalean dagoen edonoren edo protesta minimo bat egin nahi duen edonoren aurka ezartzen dute legea.
Zelako eragina izan du jendartean mozal legeak?
Segurtasun eza sortu du herritarrengan. Orain arte legeek argi azaltzen zuten zer egin zitekeen eta zer ez. Mozal legearekin guztiz lausotzen da hori, eta legeak egon badauden arren, kalearen erabilera desegokia, esaterako, poliziaren umorearen menpe dago. Guztiz arbitrarioak izan daitezke, beraien nahia ezar dezakete. Alde Zaharrean lagunekin lurrean eserita egotea aitzakia izan daiteke isuna jartzeko. Herritarrek ez dute segurtasunik ez erreferenterik egin daitekeena eta egin ezin daitekeenaren inguruan. Gerta daiteke herritarrek erabakitzea legezkoak diren manifestazioetara ez joatea oihukatuko diren leloek Polizia irainduko duten beldurrez.
Kamiseta bateko mezua ere iraingarria izan daiteke.
Julen: Bai, kasu batzutan kamiseta baten edo pegatina baten jartzen duenagatik ezarri dute mozal legea. Sanfermitan bakarrik ez da gertatu, baita aurtengo Santutxuko jaietan ere.
Zergatik eskatzen duzue mozal legearen indargabetzea?
Alberto: Defentsarik gabe uzten dituelako herritarrak, eta botere guztia uzten duelako indar polizialen esku nahi duten ekimena mozteko eta nahi duten isunak ezartzeko. Mozal legeari esker eurek kontrolatzen dute kalea. 'Iraindu gaituzu' esate hutsarekin nahikoa dute. Ez dute frogarik behar horretarako. Baldintza hauetan jende askok atzera egingo du, nork bere bizitzan edota aldarrikapenetan.
Julen: Kaleko edozein protesta kriminalizatzeko balio duelako. Sistemarekin bat datorren bereizgarria da hori. Hori salatu zuen Bilbon duela bi urte sortu zen Herritarren Kriminalizazioaren aurkako Plataformak ere. Nahi gaituzte etxean sartuta eta online erosketak egiten. Bestalde, lege honek dena maila berean jartzen du, bai protesta politikoa eta soziala, bai droga eta armak izatea, etxegabetze baten aurrean egiten den protesta, kaleko salmenta edota espazio publikoan kartelak pegatzea. Hori oso arriskutsua da eta guztiz antidemokratikoa.
Inoizko botere kuota handiena dauka Poliziak?
Oier: Bai, guztiz. Guk, adibidez, ezer egin gabe isuna jaso dugu. Kalean ertzain batek esatea 'zu manifestazio horretan egon zara, manifestazioa legez kanpokoa da, eta jakin behar zenuen', nahiko da mozal legea ezartzeko. Orduan zen egin behar dugu benetako injustizia kasu baten aurrean? Edo gure eskubideak aldarrikatu behar ditugunean? Guztiz galduta gaude lege honekin.
Oier: Autoritate bati zenbat eta botere gehiago eman orduan eta gehiago erabiliko dute besteen aurka. Poliziari abantaila guztia eman zaio, eta Poliziaren jarrera lehen autoritarioa bazen, orain autoritarioagoa da.
Nafarroako eta Eusko Legebiltzarra mozal legearen aurka agertu dira, baina bi erkidegoetako Poliziek legea ezartzen dute. Kontraesana da?
Julen:2016ko ekainean Gasteizeko Legebiltzarrak adierazi zuen ez zuela legea ezarriko, eta orduan ezarri du gehien. Hortik aurrera 4.000 kasu gehiago daude. Kontraesana itzela da. Mozal legeari buruz, niri ezarri arte, ezer gutxi nekien. Orain hasi naiz informatzen eta konturatzen jendeak pentsatzen duela Euskal Herrian ez dela mozal legea ezartzen, Madrilen bai baina hemen ez dagoela indarrean. Eta hori mekanismo ugariren bitartez lortu du EAJk. Gainera, azkenaldian, EAJ PPrekin lerrokatu da gauza askotarako, eta honetarako ere. Estefania gure lagunak esan du bera edozein lege betetzeko dagoela.
Oier: Jokaldia borobila da bi gobernuena.
Peioa: PP ez da errudun bakarra. Hemen, EAEn, EAJ da jaun eta jabe. PPk ezartzen duena Estatu mailan, EAJk batzutan ezartzen du, beste batzutan erdizka, eta beste batzutan ez. Kasu honetan, nahiz komunikabideetan zabaldu den ez dela mozal legea ezarri, datuak argiak dira.
Zelan aurre egin mozal legeari?
Julen: Edo bat egiten dugu lege honen aurka gaudenok kalera irten eta presioa eragiten edo bestela dohain aterako zaie.
Desobedientzia eta intsumisiorako deia egin duzue. Zergatik?
Julen: Herrion tresna guztiz legezkoak dira desobedientzia eta intsumisioa,eta Hezkuntzan LOMCErekin gertatzen den bezala, erabil ditzakegu. Erantzuna bateratu eta antolatu behar da. Auzoetatik has gaitezke datu bilketa eginez, gertatzen ari dena zehatz ezagutzeko eta kasuan kasu salatzeko. Pixkanaka legea indargabetu arte.
Alberto: Isuna ordaindu nahi duenak ordain dezala, baina jendeari esan nahi diogu kasuak salatzeko gutxienez, ez jasotzea normaltasunez. Aukera dago abokatuen bitartez helegitea aurkezteko. Hortaz, lehen pausoa oinarrizko eskubideen urraketa salatzeko beldurra usatzea eta errealitate hori ikustaraztea da.