Aste Nagusia 2017

Udal Musika Bandak zortzi kontzertu eskainiko ditu Areatzan Aste Nagusian zehar

uriola.eus 2017ko abu. 17a, 08:00

Beste urte batez, Udal Musika Bandak musikarekiko duen grina plazaratuko du Bilboko jaietan. Guztira zortzi izango dira Banda osatzen duten 45 musikari baino gehiagok Areatzako Kioskoan eskainiko dituzten kontzertuak Aste Nagusian zehar.

Jose R. Pascual-Vilaplana (abuztuak 20, 21, 25, 26), zuzendari titularraren eta Iñaki Urkizu (abuztuak 22, 23, 24 eta 27) zuzendariordearen eskutik, Areatzara hurbiltzen diren bilbotar guztiek Bandaren musikaz eta errepertorio aberatsez gozatzeko aukera izango dute. Aurten ere, aukeratutako programek kantu herrikoiak eta jai-girokoak uztartuko dituzte.

Hala, Bandak 'Goizeko zartzuela-saioa', 'Goizeko saioa Walt Disney eta Alan Menkenekin', 'Goizeko saioa diskotekan', 'Goizeko saioa saxofoiekin', 'Goizeko zezenketa-saioa', 'Goizeko saioa martxen eta gaiten artean', 'Pasodobleen goizeko saioa', 'Boleroen goizeko saioa' lelopetan estilo desberdinetako doinuak interpretatuko ditu besteak beste, zartzuelak, euskal musika, jazza, musika latinoa, pasodobleak, antzerki musikalak, pop-a, soinu bandak edota Aladdin, Grease, Can’t take my eyes of you, Sombras y luces eta Besame mucho bezalako pieza musikalak. Hitzordua, abuztuaren 20tik 27ra izango da, beti bezala, eguerdiko 12:00etan Areatzako Kioskoan.

Abuztuaren 25eko kontzertuan, ostirala, Elciegoko Gaiteroak taldearen kide diren Juan Carlos Gomez eta Juantxu Gomez arituko dira gonbidatu gisa. Euren doinuak Bandaren musikari gehituko zaie kontzertuaren bigarren partean.