Aste Nagusia 2017

Euzko Gaztedik kide bati eraso egin diotela salatu du

uriola.eus 2017ko abu. 29a, 08:29

Igandean Marijaiaren erreketaren ostean Kaskagorriko txosnan "arrazoi politikoengatik" Euzko Gaztediko kide bat jipoitu zutela salatu dute. EAJren gazte erakundeak ezker abertzaleko gazteriari erasoa gaitzestea exijitu dio.

Galdakaoko Euzko Gaztedi (EGI) talde politikoko kide batek salatu du joan den igandean, Mariajaiaren erreketaren ondoren, "arrazoi politikoengatik" txosnetan jipoitua izan zela. EAJren gazte erakundeak adierazi dutenez, Kaskagorri txosnan zegoen kideari "arrazoi politikoengatik" agiraka hasi zitzaion ezaguna zuen galdakoztar bat. 

Talde politikoaren arabera, txosnatik urrundu ondoren, aurretik agiraka egin zion gizona beste "hamar edo hamabirekin" itzuli zen, eta kidea eta bere laguna buruan jipoitu zituzten. EGIren arabera, erasotuak, belarriaren ondoan egin zioten zauria eta begi batean jaso zuen jipoia zirela medio, osasun zentro batera jo behar izan zuen.

EGIk ezagutzera eman duenez, afiliatuak salaketa aurkeztuko du. Halaber, ezker abertzaleko gazteriari erasoa gaitzestea eskatu dio.

EH Bilduren adierazpena

Biiboko EH Bilduko Alba Fatuarte zinegotziak adierazi duenez, koalizioa "edozein indarkeriaren kontra" dago, eta gehitu du "kontrastatuta dagoen informazio eskasarekin" taldea ez dagoela ados Kaskagorri konpartsa "estigmatizatzearekin", "urte osoan zehar konpartsak jai esparruan indarkeriarik egon ez dadin lan egiten baitu".