Mikel Aiartza eta Mikel Ruiz: "EGIk istiluari buruz egindako erabilera politikoa mespretxagarria da"

uriola.eus 2017ko ira. 1a, 16:02
Kaskagorriko Mikel Aiartza eta Mikel Ruiz konpartsakideek gazte konpartsaren Aste Nagusiko balantzea egin dute. Aurten izandako erronkak eta oztopoak izan dituzte hizpide. Ertzaintzak Hontzak konpartsari egindako konfiskaketaren inguruan eta EGIk astean zehar egindako adierazpenei buruz ere mintzatu dira.
Beste urtez, Bilboko gazte errebeldeen konpartsak aurten ere txosna jarri du Bilboko Areatzan Aste Nagusirako. Aurten hainbat erronkari aurre egin dio gazte lantaldeak, eta hala azaldu diote URIOLAri Mikel Aiartza eta Mikel Ruiz konpartsakideek.
 
Urtero bezala, erronka handiena Kaskagorriren "munduko txosnarik handiena" muntatzea izan dela adierazi du Ruizek. Bertan, konpartsakideen artean, "harreman handia" sortzen dela, eta aldi berean, asko ikasten dutela gaineratu du, "oso ondo pasatzen dugu". 
 
Oraingoan, kontzertuen egitaraua adostean emakumeen aldeko apustua egin dutela jakitera eman du Mikel Aiartzak. Hala, egunero, jaietan emakumeen presentzia oholtza gainean "bermatu" dutela azaldu du, "horrek suposatzen duen bultzada sinbolikoarekin". La Basu, Garilak 26, Las Tea Party eta Huntza izan dira, besteak beste, konpartsaren txosnako kontzertuen programan. 
 
"Aurten ez da liskarrik egon". Horrela mintzatu da Ruiz; izan ere, Dignidad y Justizia elkarte "ultra eskuindarrak" Kaskagorriri ipinitako salaketaz aparte, "giro ona" izan dela aitortu du. Elkarteak, euskal presoen aurpegien argazkiak jartzea leporatu die Askapena eta Txori Barrote konpartsekin batera. Hala ere, Kaskagorriren txosnan presoen argazkirik ipini ez dutela adierazi du Ruizek, eta salaketa "zentzugabekeri hutsa" dela kritikatu du. Aiartzak, bere aldetik, konpartsak izan dezakeen oztoporik nagusiena eguraldia dela aipatu du, jaso duten salaketa baino "inportanteagoa".
 
Aste Nagusi honetan ere Arriaga antzokiko jaigunea "gaztez gainezka" ibili direla aditzera eman dute. Jendea txosnara kontsumitzera joan dela azaldu du Aiartzak, baita irabaziak beste urte batzuen antzekoak izan direla ere.
 
Adierazpen askatasunaren alde
 
Bi kideak kritiko agertu dira Gotzaintzaren eskariz Hontzak konpartsari Ertzaintzak konfiskatutako apaingarrien inguruan. Ruizek adierzpen askatasunaren kontrako ekintza "larritzat" jo du gertatutakoa eta "ekintza lotsagarria". Jai giroan denak lekua duela gogorarazi du eta denok ulertzen dugu broma bat dela. 
 
Konpartsak erantzun bateratu bat eman zutela esan du Aiartzak eta posterra ipintzea eta kanpaia saria haiei ematea erabaki zen. "Gu beti izango gara adierazpen askatasuna defendatzen". Falange Vasco Navarrak eta Gotzaintzak salaketa ipini ostean, Ertzaintzak erreakzionatu izanak zer esan handia ematen duela gehitu du. Halaber, nola batzuen interesak babesten diren eta beste batzuenak ez "lotsagarria" dela kritikatu du gazteak.
 
EGIk egindako adierazpenen aurka
 
EGI gazte antolakundeak astean zabaldutako istilua konpartsaren txosnan gertatu izana kolokan jarri dute gazteek. Ruizek salatu duenez, zenbait hedabidek alde bakarreko iritzia besterik ez du zabaldu. "Ez dute informazioa kontrastatu". Horrekin batera, istilua jazo den oraindik ez dakitela esan du, eta ematekotan, "Kaskagorriko txosnan ez dela gertatu eta konpartsako inor ez dela izan" baieztatu du.
 
Amaitzeko, gazteria jeltzaleak gertatutakoaren inguruan egin duen erabilera politikoa "lotsagarria eta mespretxagarria" dela kritikatu dute bi kideek.