Lekerika taberna zabalik berriro ere

uriola.eus 2017ko ira. 4a, 10:30
Argazkia: @erreharria

Somera kaleko Lekerika taberna zabalik dago berriro ere abuztuaren amaieran jasan zuen erasoaren ondoren. 

Abuztuaren 27ko goizaldean, Aste Nagusiko azken egunean, margoa bota zuten Lekerika tabernako fatxadan eta ateko kristal bat apurtu zuten. Alde Zaharreko hainbat auzokide eta tabernarik salatu zuten erasoa. Era berean asko izan ziren Lekerika tabernako kideei elkartasuna adierazi zieten lagunak.

Garbiketa eta konponketa egin ostean berriro ere zabalik dago. 

Bilboko ezker abertzaleko kideen eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko (ATA siglez ere ezaguna) kideen ohiko elkargunea da, besteak beste, Lekerika taberna. Erasoaren aurreko egunean Lekerika tabernak Molotoff tabernarekin batera Amnistia Eguna antolatu zuen. 

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak berak erasoa salatzeaz gain babes osoa agertu zien Lekerika taberna kudeatzen duten langileei eta "amnistiaren alde aktiboki lan egiten duten lokala modu berezian babesteko deia" egin zien bere militante eta jarraitzaileei.

[2017-08-30] AEM babesten duen Goienkaleko taberna bati eraso diote

Erasoaren osteko argazkia. Argazkia: @erreharria