Badator Bertsolari Txapelketa Nagusia

uriola.eus 2017ko ira. 12a, 08:15

Gertu da 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta horren inguruko informazioa emateko agerraldia eskainiko du Bertsozale Elkarteak gaur, hilak 12, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan.

Hainbat pertsonak hartuko du parte agerraldian, hala nola, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari den Iñaki Murua Jauregik eta lurraldeetako bertsozale elkarteetako lehendakariek: Alaitz Rekondo Ferrerok, Asier Ibaibarriaga Apoitak, Ekaitz Elorriaga Anduagak, Saroi Jauregi Aiestaranek eta Xumai Murua Berrak, Nafarroako, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoako Bertsularien Lagunak elkarteetako lehendakariek, besteak beste. Talde antolatzaileko kide den Jokin Castaños Gonzalez ere izango da.

2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irailaren 23an hasiko da Baigorrin eta abenduaren 17an amaituko da Barakaldon. Horiez gain, beste 12 saio izango dira guztira eta 43 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan.