Azken bira izan daitekeenean, Triciclek bere arrakastak batzen dituen 'Hits' ikuskizuna dakar Arriagara

uriola.eus 2017ko ira. 11a, 10:00
Argazkia: Arriaga Antzokia

Asteazkenean hirukote ezagunaren azken ikuskizuna izango denaren Arriagako 17 funtzioetako lehenengoa eszenaratuko dute. Ikusleek ikuskizunaren ardatza osatuko duten sketch-ak aukeratu ahal izan dituzte Tricicleren Facebookaren eta webgunearen bitartez. Obra urriaren 1era arte ikusgai izango da.

Priscilla, la reina del desierto musikalaren arrakastaren ondoren, irribarre artean emango dio amaiera Arriaga Antzokiak bere udako egitarauari. Izan ere, hori da Triciclek beti eragiten duena, eta are gehiago Hits ikuskizun berriarekin. Ikuskizun horren 17 emanaldi eskainiko dira Arriagan datorren asteazkenetik, irailaren 13tik aurrera, eta urriaren 1era arte.

Arriaga Antzokiak zabaldutako prentsa oharraren arabera, "ziurrenez, Joan Graciak, Paco Mirrek eta Carles Sansek osatzen duten hirukote paregabearen azken eta behin betiko ikuskizunaren aurrean gaude". Haiek esan duten moduan “badirudi Tricicleren azken bira izango dela”. Horregatik, hain zuzen ere, Triciclek guztia jarriko du mahai gainean, hau da, umorezko goi mailako artilleria astuna. Izan ere, Hits ikuskizunak, Tricicleren hoberena jasotzen du, gag-ez betetako 100 minututan. Hits, gaztelaniazko Humor Inteligente Trepidante y Sorprendente akronimoak, pixka bat murriztutako hamabi sketch eta ikuskizunari amaiera ematen dion laburpen luzea biltzen ditu. Azken parte horrek, ikuslea arnas-kolapsoaren mugan uzten duten oso gag laburrek osatzen dute. Ia guztiak estreinatu ziren moduan agertzen dira, denboraren iraganak baztertu edo aldatu dituzten alderdi teknologikoak izan ezik, ez baitu inolako eraginik izan.

Sarrerak

Sarreren prezioa 9,50 eta 36 euro artekoa da eta eskura daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.