Euskal kanta eta literaturaz, umoretsu eta kantari, Mikel Martinez eta Patxo Telleria

uriola.eus 2017ko ira. 19a, 11:37

Argazkia: tartean.com

Lutxo Egia idazleak aurkeztu eta zuzenduko du gaur, hilak 19, Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan, Eztabaidak Literaturarekin zikloaren baitan, 19:30ean hasiko den solasaldia. Bertan, Mikel Martinez eta Patxo Telleria euskal literaturaz eta musikaz mintzatuko dira. 

Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzerki bikote ezagunak urteak daramatza euskara sustatzen eta bultzatzen euren antzezlanen bitartez. Euskal musikaren benetako istorioa antzezlanarekin berriro ere agertokietan dagoen Ez dok hiru egitasmoak Euskal Herriko musika imajinarioaren azterketa ironikoa, absurdoa eta dibertigarria egiten du. Antzezlana euskal musikari buruzkoa da, musika tradizionalari eta joan den mendearen 60ko hamarkadatik aurrera sortu ziren eta gure musika ondarearen parte bilakatu diren abestiei buruzkoa, hain zuzen ere.

Ez dok hiru izango da agertokian sketch komikoetako batzuk berreskuratzeko aitzakia eta, batez ere, euskal musikak eta literaturak –eta bien arteko fusioak– eman dituzten egile handietako batzuen letrak eta poema musikatuak aztertzeko, Laboa, Lete, Gabriel Aresti, Atxaga, Oskorri edo Ruper Ordorika, besteak beste.

Ohikoa denez, ekitaldia 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librea izango du leku guztiak bete arte eta streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.