Blockchain teknologia eta Klenergy proiektua hizpide

Alberto Ugarte 2017ko aza. 9a, 10:00

Ikusmin handia sortu zuen atzo Klenergyk eta GoiEner kooperatibak antolatutako hitzaldiak. Horren adierazgarri Ekoetxearen aretoa lepo beteta ikustea besterik ez dago. Jorratu zen gaia ez zen erraza, Blockchain teknologia eredu energetikoa eta bere alde egiteko arrazoiak. 

Klenergyren proiektu berezi hau mota honetako lehenengoa da Europan eta munduan handienetakoa blockchain teknologia erabiliz. Blockchain, berez, datu-base banatua da, bloke kateetan diseinatua, datuen itxuraldatzea eragozteko.

Santi Otxoa de Eribek GoiEnerren izenean eta Eugenio Molinerrek Klenergyren izenean azaldu zituzten proiektuaren nondik norakoak. Eugenio Molinerrek aipatu zuen teknologia jasangarrien eta energia-iturri berriztagarrien inplementazioaren azkartzea ezinbestekoa dela aldaketa klimatikoari aurre egiteko. Gurera etorrita, energia sektorea monopolio ia erabatekoa da, eta gerora begira erabaki politikoek galga jartzen diete berriztagarriei eta eredu parte-hartzaile eta horizontalagoari.

Eugeniok aipatu zuen gaur egun energiarik merkeena haizetik eta eguzkitik datorrela. Hori dela eta, Klenergyk teknologia aurreratua garatu du. Alde batetik, Metron monitorizazio sistema, eta beste aldetik, Helios hidrogeno biltegia, eta azkenik Pyloncoin txanpon birtuala.

Europar Batasunetik diru-laguntza jaso duen proiektu pilotu honek frogatu behar du bere fidagarritasuna eta egingarritasuna. Horretan arituko da GoiEner. Bere bazkideei eskainiko die proiektu pilotu honetan parte hartzea bere kontsumo datuak aztertzeko eta, horrela, proiektuaren bideragarritasuna ziurtatzeko. Aurretik jarritako irizpide batzuen arabera, GoiEnerreko 50-100 bazkidek hartuko dute parte saiakera honetan.

Ordu eta erdiz luzatu zen galderen tartea, gaiak gizartean sortzen duen interesa agerian utziz. Denetariko galderak egon ziren eta, orokorrean, proiektua interesgarritzat jotzen bazen ere, kezka eta zalantza handiak sortu ziren haren inplementazio errealaz eta jaso daitezkeen onurez.