Gorka Zozaia Garcia, IPES: “Herri jakintzarako garai politak etor daitezke”

bertonaldizkaria 2017ko aza. 17a, 12:57

Argazkiak: Iñigo Azkona

Etengabeko aldaketan 40 urte eman dituen IPES elkarteak haztea eta berritzea nahi du herri jakintza hobeto antolatzeko eta zabaltzeko. Besteak beste, herri mugimenduen beharrizan eta kezkei erantzuteko. Gorka Zozaia Garcia (Donostia, 1982) elkarteko koordinatzaileak IPESek egiten duen sukalde lana azaldu digu.

IPES elkarteak 40 urte bete ditu “herritarren formazioa suspertzen”. Lehen ospakizuna egin duzue jada.

Urteurrena ikasturte osoan elementu ezberdinekin ospatzeko lizentzia hartu dugu. Urriaren 22ko lehen elementuan hasierako jendea eta ondoren garai desberdinetan egon dena bertaratzeko ahalegina egin dugu. Lehenengoa etxekoon ospakizuna izatea nahi genuen. Elkar berriro ikusteko. Balio izan digu 40 urteen errelatoa egiteko testigantza biziekin. 40 urteotako argazki anitzagoa egiteko. Garai eta talde desberdinek nola elkar elikatu eta osatu duten ikusteko. Polita izan da IPESek egindako bidea biziberritzea.

Zein izan da 40 urteotan IPESek egin duen ekarpen nagusia?

Gaiei dagokienean euskal kulturaren berreskurapen lana aipatuko nuke, bere barruan barnebilduz Euskal Herriko historia, soziologia, mitologia... Ekarpen handia egin du batez ere bere sustapenean, Frankismoan atzendutako gaiak zirelako. Baina filosofikoki egin duen ekarpena iruditzen zait inportantea eta denboran iraunkorra. Egunerokoari aurre egiteko behar ditugun jakintzak lortzeko antolatu behar dugun kontzientzia izatea, eta formazioaren eta ikerketaren beharra termino herritarretan jartzea uste dut dela ekarpenik handiena. Gaur egun ere bizi-bizi dagoen eztabaida da hori: zelako harremana dagoen unibertsitatea eta herriaren artean, edota zelako arraildura dagoen bien artean.

Bilbon hiru egoitza izan ditu IPESek 40 urteko ibilbidean. Zergatik ez da askorentzat elkarte ezaguna?

Oraindik kartelak itsastean inguruko jendeak ‘IPES zer da’ galdetzen du. Jende nagusiagoaren artean IPESek inpronta handiagoa utzi du, agian. Nire garaian, 2012tik hona, gehiago lan egin dugu sukaldetik. Azkenean, guk propio ez dugu ia ezer sortzen. Guk harremanetan jartzen ditugu beharra dutenak eta dakitenak. Askotan gure lanak ez dauka proiekzio publikorik, eta horrek asko baldintzatzen du IPES kanpora begira ezezaguna izatea. Besteak beste, elkartearen izena eta irudia berritu ditugu gure lana aldarrikatzeko eta eraginkortzeko.

Urtemugak aldaketa eta berritze garaian harrapatu du IPES. Zer berrikuntza duzue esku artean?

Garaian garaiko lantaldearen arabera IPES aldakorra izan da. Beti krisian egon da, aldaketa etengabe batean. Une honetan aurkitzen ginen handitzeko beharra genuela, kuantitatiboki, eta azken urteotan gehiegi landu gabe izan dugun harpidedunen figura hauspo berrituko dugu. Erromatar zenbakitan 40 XL denez, IPES XL 40 urtez herri jakintza josten hitz-jokoa sortu dugu irudikatzeko handitzeko dugun beharra. Batez ere, kualitatiboki handitzeko beharra. Azken urteotan komunikazio baliabideak asko aldatu direlako. Guk, finean egiten duguna, formazioaren ikuspegitik, komunikazioa da. Nola komunikatu landutako gaiak? Bada, lehen beti hitzaldia eta aurrez aurrekoa bilatzen zen. Gaur, aldiz, ikus-entzunezkoarekin gauza asko lantzen ahal dira, eta beste baliabide batzuren bitartez heltzen ahal da hobe edo gehiago jendearengana. Baliatu nahi dugu une hau beharra datorkigulako duela urte batzuetatik gure erremintak eguneratzeko. Adibidez, web gune berriaren bidez. Hilabete barru kaleratuko da. Horrekin batera barrura begirako erremintak ere berritu nahi ditugu. Bulegoan hiru pertsona ibiltzen gara, baina egunerokotasunean lantaldeetan eta sare deberdinetan 60 pertsonak kolaboratzen dute. Uste dugu erronketako bat dela tresna berrien bidez gure arteko harremana eta antolaketa eraginkortzea.

Urte guzti hauetan IPESek sortu dituen bitartekoak digitalizazioari ere ekingo diozue?

40 urtetan kristoren artxiboa egin dugu. Eta gaiak nola landu eta baliabideak nola erabili hausnartzen dugun bitartean, ezin dugu artxiboa geldi izan. Horregatik nahiko ondo artxibatutako gai batzuk, batez ere sozilalismoarekin lotutakoak, web gunean eskuragarri egon daitezen lanean hasi gara. Horrekin abiatuko dugu 40 urteko artxiboa plazaratzeko bidea. Landuta dugun horrekin hasiko gara eta denborarekin elikatzen joango gara une honetan paperean bakarrik ditugun dokumentu horiek digitalizatzea eta zabaltzea merezi duen erabaki arte. Txip aldaketa ere hasi gara egiten. Egunerokotasunean baldin badago guk landutako gairen bat berreskuratzen dugu 40 urteotako ibilia ez dadin hor geratu, baliabide horiek funtziona dezaten. Gure funtsa hori da, pertsonei baliabideak ematea errealitatea hobeto interpretatzeko. 

Gernikako egiak liburutik abiatuta dokumentala ekoitzi du berriki IPESek. Zein mezu zabaldu nahi duzue?

Liburuaren zabalpena egiteko bidean topatu ditugun kideen artean, asko herri mugimenduetan lanean ari direnak, sortu da memoriaren gaineko gogoeta bat: zelan idatzi den memoria, zelan nagusitu den gezurra, zelan berreskuratu den memoria herri mugimenduaren ekimenez, eta ez institutizoetatik, zelan emakumeen ikuspegia baztertua den... IPESen zehar-lerroa da, azken hamarkadan, egiten dugun lanean ikuspegi feminista oso presente izatea, hau da, emakumeek kontatzea errealitatea. Dokumentalarekin agerian geratu den elementua izan da hori. Finean, Gernikaren bonbardaketaren efemeridea aitzakia bat besterik ez da izan. Dokumentalak aukera emango digu beste formatu batzutan gogoeta hedatzeko. Adibidez, institutuetan lantzeko bitartekoa izan daiteke.

'Amerika Latina, fase berria disputan' hitzaldi zikloa antolatu duzue. Zelako ondorioak utzi ditu?

Parte Hartuz taldearekin lankidetzan antolatutako hitzaldi-zikloa da. Era naturalean kokatu dugu hitzaldi-zikloa hau IPESen baitan klasikoa den XXI. mendeko sozialismoa berpentsatzeko ildoan. Azken hamarkadan Latinoamerikan begi bat etengabe jarrita izan dugu, hain zuzen ere, sozialismoaren gaineko gako asko bertan mugitzen ari direlako. Bistatik ez galtzeko Latinoameriketan ematen ari diren prozesu interesgarriak. Testigantza zuzenak utzi dizkigute hitzaldiek, eta aukera eman digute lehen pertsonan galdetzeko desinformaziogatik heltzen diren gertakarien egiak zeintzuk diren. Ikuspuntu berriak izateko. Ez dadila izan mass media-ren eragina Latinoameriketan gertatzen dena interpretatzera eramaten gaituena. Ahal den neurrian egin dezagula jakintza iturri bertakoenetik eta lehenengo pertsonan.

Eta aurrera begira zein gai jorratuko ditu IPESek?

Duela bi urte finkatutako ildo nagusiak indartzea dagokigu aurrera begira. Kartzela kalera ildoan, kartzelaren eztabaida soziala piztu nahi dugu. Urrats batzuk eman ditugu, baina gehiago ditugu egiteko. Sakontze ariketa egingo dugu. Aniztasunaren lanketan, esperientzia nahiko politak izan ditugu azken bizpahiru urtetan udalekin batera. Era berean, duela 15 urte San Frantzisko auzoan abiatutako esperientziek ere, bere gorabeherekin, garapena bat behar dute. Indartzea dagokigu. Bestetik, ezker pentsamenduaren lerroan, sozialismoaren hausnarketa, gaur egun eztabaida gunean dagoena, gazteengana bideratu nahi dugu, ez hainbeste klase magistralekin eta egia biribilekin, baizik erreminta zehatzak emanez ikuspegi marxista batetik errealitatea aztertzeko, eraldatzeko ikuspegiarekin.

Gazte eta ikasleengan arreta jarrita du IPESek. Baikorrak izateko printzak badaude?

Gazteriak eta ikasleriak oso garai interesgarria bizi dute. Azken hamarkadan eta batez ere azken bost urteetan indar handiz ospatzen dituzte herri unibertsitateak. IPESek aukera izan du parte hartzeko herri unibertsitateetan, eta agerikoa da gaztetasunari dagokion iniziatiba eta energia propio horretatik zelako gogoa dagoen unibertsitate esparruan jasotzen diren jakintza horiek beste era batera prozesatzeko. Hau da, lan bat egin behar dutenean ez dute nahi betiko interesen aldeko lana egitea, kapitalistei men egingo diena edota espainolez egitea. Kezka hori ikusten dut oso purian dagoela unibertsitatean azken bi urtetan. Erabaki dugu arreta jarri behar diogula gai horri, IPES erreminta bezala eskaintzeko ikasleek hor planteatzen duten galderari erantzuteko. Nola baliatu gure jakintza, gogoa eta energia herri honek auzoz auzo, herriz herri, Euskal Herri bezala eta ezkertiar bezala mundu mailan behar dugun sorkuntza bideratua izan dadin? Puntu positibotzat hartzen dut hori. Uste dut herri jakintzarako garai politak etor daitezkeela.

Zein zailtasun du IPESek bere lanean?

Batetik, informazioa geroz eta goragotik jasotzen dugu, geroz eta gutxiago aurrez aurrekotik. Hori erronka handia da informazioaren zabalpenean oinarritzen den gure lan honetan. Bestetik, bizi dugun garai honetan oso gure zilborrari begira bizi gara, eta topatzen ditugu, formazio eskaintzari begira, oraindik Bilbon egun berean gai berari buruzko bi hitzaldi. Hori da une honetan dugun beste erronka nagusia. Ezin dugu ulertu nork bere beharrak asetzea modu indibidual batean. IPES horretarako erraminta ere bada; eragileak elkarri begira jartzeko, elkar ezagutzan jartzeko.