Bilbo Zaharra Forumeko antzerki egunak

uriola.eus 2017ko aza. 21a, 09:10

Biba Voi! antzezlanaren aurkezpena

Biba voi! eta Putinen Guardasola antzezlanak ikusgai egongo dira Alde Zaharreko Euskaltzaindiaren egoitzan Bilbo Zaharra Forumeko antzerki egunetan.

Astelehen Buruzuriak amaituta, antzezlanen astea izango da Euskaltzaindiak Bilboko Alde Zaharrean duen egoitzan. Plaza Barriako egoitza, eszenatokia bihurtuko da asteartean eta asteazkenean arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Biba Voi! antzezlana izango da lehenengoa, azaroaren 21ean. Mikel Martinezek eta Irati Agirreazkuenagak Dario Fo eta Franca Rame senar-emazteen testu zati batzuk dramatizatuko dituzte, antzerkigile italiarroi egindako omenaldian. Antzezlana aurrera eramateko dramatizatzeko aukeratu dituzten obrak 'Pistolaren begi zuri beltzak', 'Anarkista baten ezusteko heriotza', 'Misterio Bufo', 'Andrea bere bakardadean', 'Emakume guztiok daukagu historia bera' eta 'Adan eta Eva' dira.

Hurrengo egunean, azaroak 22, Putinen guardasola antzezlana egongo da ikusgai. Inazio Tolosa eta Ramon Agirre dira obra honetako aktoreak, Asier Sota, berriz, zuzendaria. Antzezlanean, Lehendakariak bi aktoreei ereserki nazionala asmatzeko agindua ematen die. Lana burutzeko, munduan zehar ibiliko dira inspirazioaren bila.