"Den-dena aldatzeko" zabalduko dute Zirika gunea, eraberritu ostean

uriola.eus 2017ko abe. 12a, 10:19
Herri Denda, Zirika gunean (artxiboko argazkia)

Joan den irailetik bere ateak itxita izan ditu Ronda kaleko Zirika herri guneak. Gaur arratsaldean ekitaldi "xume batekin" berrabiaraziko dute "espazio errebelde, internazionalista eta feministaren" ohiko martxa.

Itxura berritua du Zirika guneak. Izan ere, hiru hilabete luze eman dituzte lanean espazioaren arduradun diren Komite Internazionalistako lagunek Ronda kaleko lokalari "bultzada emango dion itxialdian". Zirikari aurpegia "guztiz aldatu" zaiola dio Ibai Komite Internazionalistako kideak. Lokalean zegoen "dena" berritu dute eta, "orain, erosoago eta txukunago dago". Aurreko lokalarekin alderatuta, aldaketa "itzela da". Proiekzioak egiteko baliabideak, esaterako, askoz erosoagoak izango dira aurrerantzean.   

Zirikako lantaldeak hartu du lanaren zati handi bat bere gain, beste zati bat ebanista profesinal baten esku utzi dute, besteak beste, bera arduratu da altzairuetaz. Obrak "luze" jo duen arren, azkenik bukatu dute. Gogotsu daude gaur lagunekin elkartzeko eta betiko martxari heltzeko.

Lau urte baino gehiago dira Komite Internazionalistak euskal antolakunde internazionalistak Zirika sortu zuela. Gatazka Guneak, liburudenda kritiko eta erreferenteak, utzitako hutsunea bete nahi izan du, "lokalak ideia tailer eta Bilboko herri mugimenduen bozgorailu ireki baten izaera har zezan". Horrela jaio zen Zirika herri gunea.

 

Ekitaldia

19:00etan egin dute elkartzeko deialdia. 19:20 aldera ekitaldi xume bati hasiera emateko. Batik bat eskerrak ematea da Zirikako lagunen helburua gaurko egunean. "Eskerrak ematea crowdfunding-aren bitartez diru bilketan parte hartu dutenei eta Bilboko eragile sozial guztiei". Izan ere, Zirika eraberritzeko 18.000 euro biltzea lortu dute.

Lehen astean Zirika guneak ohiko ordutegia izango du. Astelehenetik ostiralera 10:00-14:00 bitartean, eta astearte eta ostegunetan baita 17:00-19:30 bitartean ere. 

Herri Denda

Astelehenean, abenduaren 18an, Bilboko kolektiboen azokak, Herri Dendak, zabalduko ditu bere ateak Zirika gunean. Urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik.