Joseba Tapia eta Besamotzak, trikitiaren lekuan rocka

uriola.eus 2017ko abe. 14a, 07:12

Trikitia behin-behinean alboratu eta gitarra elektronikoa hartu du Joseba Tapiak bere bilduma oparoko hainbat abesti astindu eta modaltzeko. Besamotzak taldearekin batera entzuteko aukera izango da gaur Biba gunean.  

Kanta ezagun baina berriak dira, aspaldikoak bezain gaurkotuak. 1990ean Tapia eta Leturia gisa argitaratutako 'Juergasmoan' diskoko Besamotza edota 1998an hasi zuen bakarkako ibilbidean plazaratutako sei diskoetako kantak ahaire berriz jantzi ditu Joseba Tapiak Besamotzak talde zailduarekin batera. Zuzenean gozatzeko 14 kanta elektriko.

Taldea osatzen dute: Joseba Tapiak, gitarra eta ahotsa; Dani Narbartek, trikitixa eta gitarra (Laiotz); Iñigo Telletxeak, baxua (Petti, Anje Duhalde, Xabier Montoia); eta Iker Iriartek, bateria (Betagarri).

Katarain estudioan grabatutako Besamotza diskoa (Gaztelupeko Hotsak, 2017) joan den urtarrilean aurkeztu zuten. Harrezkero Tapia eta Besamotzak herriz herri eta aretoz areto ibili dira. Besteak beste, Kafe Antzokian izan ziren urtarrilaren amaieran. 

Bilbon, gaur, abenduak 14, izango da kontzertua Ronda 2ko Biba gunean. Sarrera librea eta doakoa izango da aretoa bete arte. 

 

Joseba Tapia

Umetan hasi zen soinu handia ikasten Joseba Tapia, Bikondoaren akademian. Pentagramaren zurruntasuna ezin eramanik, handia utzi eta txikia hartu zuen.

Eleuterio Tapia osaba izan zuen irakasle. Harekin hasi zen plazetan eta erromerietan. Hamazazpi urteko azaldu zen lehen aldiz plazan bakarrik, 1981ean, Donostiako Igeldon.

Euskal Herriko Trikitixa Txapelketak irabazi zituen 1986an eta 1988an.

Hogeita zazpi urte daramatza Leturia pandero-jolearekin bikote gisa, Tapia eta Leturia Band taldean eta baita Tapia eta Leturia laukotean ere, Jexux Aranburu eta Arkaitz Minerrekin. Ibilbide honetan bederatzi disko kaleratu dituzte.

1998an ekin zion bakarkako kantagintzari. Bakarka zazpi disko argitaratu ditu, jada.