Urtarrilaren 16an kroketaren eguna ospatzen da. Hori dela eta, Alde Zaharreko ostalariak bildu eta lehenengo kroketa lehiaketa aurrera eramatea adostu dute. Beraz, urtarrilaren 22an hasita, eta bi astez, otsailaren 4ra arte, kroketarik onena nork egiten duen lehian egongo dira.
Unai Aizpuruk azaldu duenez, “Kroketa pintxo klasiko bat izan da betidanik Bilbon, taberna eta jatetxe guztietan ageri dena. Bakoitzak bere errezeta propioa dauka, eta hainbat produktu eta zaporeekin jolastu daiteke. Kroketa on bat edukitzeak tabernaren kalitatea isladatzen du askotan”.
Gauzak horrela, kroketa lehiaketa egitea bururatu zitzaien. Izan ere, lehenago, Alde Zaharreko tabernek gilda, txibierro eta salda lehiaketak egin zituzten. Orain, kroketaren unea heldu da eta sukaldarien trebezia berriro ikusteko aukera egongo da. Horrez gain, publikoaren eta bezeroen iritzia jasoko dute, beraien kroketen maila zein den erakusteko.
Kroketak Frantzian dute jatorria, Eguzki Erregearen gortean hain zuzen ere. Bertan, Antonin Careme sukaldariak afari batean harri eta zur utzi zituen gonbidatuak bere croquettes a la royale platerrarekin. Besamela, kurruskari kapa batekin estalita aurkeztu zuen, kroketaren lehenengo prototipoa izan omen zen.