Desagertu berragertzeko

uriola.eus 2018ko urt. 18a, 12:53
bibakultura.eus

Urtea bete du Biba kultur espazioak Erronda kalean. Gaur, urteurren festan, desagertu egingo da gunea, izen berri batekin berragertzeko. 

“Urtean behin edo” Bilborako kultura proiektu baten ideia jorratzeko hainbat lagun elkartu zirenean “ez zegoen toki fisiko bat”, gogoan du Lutxo Egia Bibako lantaldeko kideak. Proiektua gauzatu eta urtebetera, Bilborako kultura proiektua “handi gelditzen zaigu”, dio Lutxok. “Saiatzen gara ekarpenak egiten euskaraz eta euskaratik, kulturan eta Bilbon, Alde Zaharretik”. Biba “ekimen txikia da”, “gehitu beharreko askoren artean hau beste bat da”. Lehen urtearen balantzea “baikorra” da lantaldeko kideen arabera. 

Egun, programazio “xumea” du Bibak. Hilabetean ez ditu 20 bat ekitaldi eskaintzen, batezbesteko zazpi, zortzi eskaintzen ditu. Hasieran, “agian, asmo handiagoak bagenituen ere, orain gure asmoa pixka bat finkatzea da”, dio Egiak. Proposamen kulturalak bilatzea dute xede, eta proposamen horietan sartuko diren auzoko agenteei, “baina ez bakarrik auzokoei” leku egitea. Adibidez, hilero izango den swing ikastaroko lagunei edota Euskaraldiaren prestaketan ari diren taldeko kideei. “Gehitzen joatea”, horixe da Bibaren helburua aurrera begira. Lutxoren hitzetan, ez da erraza “ze hau ez da leku ona taldeak eta proposamenak garatzeko, ez bada zuzenekoak egiteko. Guretzat garrantzitsua da elkarlana batez ere kale honetan, auzoan”. 

Zergatik bira eman?

‘Desagertzera goaz’ kanpaina zabaldu dute azken asteotan Bibako kideek sare sozialetan, eta bat baino gehiago nahastera iritsi dira. Biba desagertzera zihola pentsatu dute zenbaitek. Baina, inondik inora. Guneari “izen aldaketa egin beharrean” aurkitu dira, eta hori dela eta, “ber-fundazioa” antolatzea erabaki dute. Beraz, gaurko ekitaldian, performancea eginez, Tor magoak Biba desagerraziko du “zera berri hori” agerrarazteko.