Alde Zaharreko auzotarrak turistifikazio "fenomeno erraldoiaren" kaltetu zuzenak

uriola.eus 2018ko ots. 1a, 08:46

Argazkiak: Ecuador Etxea

Manifestazio jendetsua izan da. Auzokide askok babestu dute Bihotzean auzo elkarteak eta SOS Alde Zaharra plataformaren mobilizaziorako deia. Bilboko Udalari adierazi diote Alde Zaharreko ekonomia ezin dela turismoan soilik oinarritu, horrek auzoari eta auzokideei kalte egiten dielako. 

"Aisialdirako gunea" da Bilboko Alde Zaharra askorentzat, "pasako lekua" beste askorentzat, eta auzokideentzat bizitokia. Turistifikazioaren "fenomeno erraldoiak" Zazpi Kaleetako bizilagunak kaltetu ditu, eta horregatik manifestazio amaieran, "auzo honetan auzokideak bizi gara", esaldi soil eta indartsua bota zuen Maddi Bilbao SOS Alde Zaharra plataformako ordezkariak, "auzo honetan bizi garen eta bizi nahi dugun auzokideak" erantsiz.

"Turistifikazioaren aurrean" prosteta egitera batu dira auzotarrak, "kaltetu zuzen" sentitzen direlako. Izan ere, "eraldaketa handia" izan da Alde Zaharrean azken urteotan, "turismoaz aprobetxatuz dirua irabazi nahi dutenen mesedetan ematen ari da" eraldaketa eta, azaldu dutenez, ez dago bideratuta auzoan bizi diren lagunen beharrizanak asetzera. 

Argiro diote plataformako eta Bihotzean elkarteko kideek Alde Zaharreko ekonomia "ezin dela turismoan soilik oinarritu, horrek auzokideongan kalteak dakartzalako". 

Egunerokoan sufritzen dute espazio publikoaren pribatizazioa eta degradazioa. Auzoa erregulaziotik kanpo dauden "terrazaz josita dago, gure seme-alabekin jolasteko espazioak lekuz kanpo geratuz edo auzoko mugikortasuna erabat zailduz".

Pisu turistikoak gero eta gehiago dira, eta "asko ezkutuan daude". Auzoko etxeekin espekulatzeak ondorio larriak ditu, besteak beste, prezioen "igoera nabaria" eragin du. Kezkatuta daude etorkizunean auzoan bizitzea "gutxi batzuren aukera" baino ez delako izango, "auzokideak auzotik kanporatuz".  

Egoera honetan Udalaren "baimentze jarrera" salatu dute Bihotzean elkarteko eta SOS Alde Zaharra plataformako kideek. Hori dela eta, Aburto alkateari zuzenduz, zein hiri eredu sustatu nahi duen galdetu diote, eta bertan auzokideek lekua ote duten. 

Auzokideek auzoan bizi nahi dutela eta "Alde Zaharra ez dagoela salgai" errepikatu dute behin eta berriro. Aurrerantzean auzoa "eraikitzen jarraitzera" animatu dituzte gainerako auzotarrak, eta "erasoen aurrean elkarrekin antolatzera eta kalera irtetzera". 

 

Argazkiak: Ecuador Etxea

[2018-01-29] 'Turistifikazioari stop!' manifestazioa