Bilboko Aratusteetako bigarren asteburuari gogoz ekiteko, bertoko musikariek kontzertua emango dute gaur gaueko 21:30ean. Nobedade gisa, musika-emanaldia Plaza Barriko oholtzaren gainean eskainiko dute Mississippi Queen & The Wet Dogs eta Ou Mama taldeek. Laugarren urtea izango da Jai-batzorde Mistoak ekimen hau sustatuko duena.
Beraz, Zazpi Kaleetan ez da musika faltako. Gainera, kontzertuaren aurretik, 20:00etatik aurrera, Fritanga elektrotxarangak kalez kale ibiliko da auzoa girotzen. Asteburuko jaia heldu aurretik berotzeko aukera bikaina izango da.
Musika-taldeak
Mississippi Queen & The Wet Dogs: Bilboko rock eta soul musika-taldea. Inés Goñi (abeslaria), Aitor Zorriketa (gitarra), Virginia Fernández (bateria) eta Gabo “Brown” León (baxua) dira taldeko kideak. Hiru urteko ibilbidearen ostean, euren lehenengo LP-a grabatu dute.
Ou Mama!: Getxoko blues eta country musika- eta umore-taldea. Taldekideak dira Oier Garamendi (ahotsa), Javi Alonso (gitarra), Aitor Karras (baxua), Iñigo Mentxi (baxua eta koruak) eta David Pereiro (koruak). Taldea 2014an estreinatu zen.
Fritanga elektrotxaranga: Arrigorriaga eta Ugaoko zazpikoteak osatutako musika-taldea. Eurek diotenez, “jai guztietan kontzertua berandu hasteko prest”.
Agenda:
20:00 Kalejira: Fritanga elektrotxaranga, Unamuno plazatik hasita.
21:30 Kontzertuak: Mississippi Queen eta Ou Mama! musika taldeak, Plaza Barrian.