Entzuteko tabernaria

uriola.eus 2018ko api. 27a, 09:00

Bezeroak entzutea du xede tabernariak. Patxo Telleriak idatzi eta Mikel Martinezek antzezten duen Tabernaria pieza laburrean, aldiz, tabernari protagonista entzuna izateko dago. Besteak beste, bere ondarea galdu baino lehen, bezeroei, modu berezian, kaña bat garagardo ondo zerbitzatzeko instrukzioak emango dizkie.

Egun, Bira kultur gunea dagoen Ronda kaleko lokalean "orain dela urte batzuk" estreinatu zuen Mikel Martinez aktoreak Patrick Süskinden Kontrabaxua monologoa. Banco de España kaleko gaztetxean antzeztekoa zen, baina itoginak zirela eta, "beheko solairuan ere itoginak zeuden", Lasai tabernara leku aldatu zuten ikuskizuna.

Tabernaria, Patxo Telleriak lagun eta lankide duen Mikelentzat espresuki idatzitako monologoa da. Ordu erdiko pieza. Patxoren esanetan, "Mikelen esparru naturala" da monologoarena. "Oso ondo moldatzen da bertara". 

Gidoigilearen hitzetan, Tabernaria "laborategiko pieza" da, "ariketa dramaturgiko bat", istorioa kontatzeko modu desberdina duena. Forma berezia eman nahi izan dio Telleriak, "publikoa lanean jartzeko". "Ikea antzerki" moduan deskribatu du. "Guk materiala ematen dugu, ikusleak piezak bere buruan egituratzeko". Piezak desordenean aurkezten baitizkiote publikoari, atzetik aurrera. "Alde batetik istorioa jasotzeko modu desberdina da, neurri batean originala, eta, bestetik, esfortzu horrek obra burmuinean gehiago iltzatzen laguntzen du. Izan ere, ikuslearentzat gozagarria da ez bakarrik edukiarekin, formarekin ere jolastea".

Mikel Martinezek, ondo ezagutzen duen tabernari lanbidearen larruazalean, publikoari zuzen hitz egiten dio, oso hurbiletik, ikusleak urduritzeraino. Areto txikitan sortu ohi den tentsio puntu hori gustuko du Mikelek, "jendea erraz harrapatzen delako hurbiltasun horretatik". Kaña bat garagardo ondo botatzeko instrukzioak emango ditu, baina aitzakia baino ez da pertsonaiaren egoera azaltzeko, bere nahi eta frustrazioak, eta zenbait gizarte gairi erreferentzia egiteko, "tonu serioan eta barregarrian". Testuak "osagai sozial handi samarra du", Mikelen esanetan, erraz identifika daitekeena.