Uztailaren 24tik aurrera Atxurin dauden migratzaileak Bilbo Zaharrera igaroko dira

uriola.eus 2018ko uzt. 23a, 12:44
Migrataileek Atxurin igarotako hamrgarren gaua. Argazkia: Atxuri Gorri

Kalejira egingo dute 21:00etan Atxuriko plazatik Bilbo Zaharrera “auzoen arteko erreleboa” irudikatu eta “instituzioek erakutsitako arduragabekeria” saltzeko.

15 gau igaro dituzte 60 bat migratzailek Atxuriko saskibaloi pista batean, estalpean baina kale gorrian. Auzotarrek babesa eta afaria eskaini dizkiete egunotan, Gurutze Gorriak kudeatutako aterpean hiru gau igaro ostean lotarako lekurik gabe geratzen baitira.

Atxuri Gorri auzo elkarteak salatu duenez, Gurutze Gorriko aterpetxeak leku libreak ditu, migratzaile gehienek hiru eguneko epea gainditu dutelako; eta hala ere, kaleratzen dituzte.

Errefuxiatuak igarobidean daudenez eguneko babesarekin nahiko dutela argudiatu dute Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek eta Atxuriko bizilagunek kontrakoa diote, hau da, migratzaile gehienek hogei egunetik gora egin dituztela Bilbon, eta bertan geratzeko asmoa dutela.

Asteartean, uztailak 24, atxuritarrek lekukoa emango diote Bilbo Zaharreko auzotarrei. Azken hauek artatuko dituzte migratzaileak datozen egunetan. 21:00etan kalejira egingo dute Atxuriko plazatik Bilbo Zaharrekora “auzoen arteko erreleboa” irudikatu eta “instituzioek erakutsitako arduragabekeria” salatzeko.

 

Info+: Atxuri Gorri auzo elkartea eta Bilbiko Kultur Etxea