uriola.eus

Euskal Museoak dantza tradizional ate ireki jardunaldia jasoko du igandean

  Kultura-aisialdia  Alde Zaharra

Jardunaldia AIKO Taldeak lan egiteko eta dantza tradizionala aurkezteko moduaren aurkezpen gisa antolatzen da. Euskal Museoa izango da DANTZALDI IBILTARIA ikastaro egonkorren denboraldi berriaren egoitza, astelehen guztietan, urritik ekainera arte.

Bilboko Unamuno plazako Euskal Museoak ateak irekiko ditu igandean, dantza tradizionala ikasteko eta ezagutzeko eta AIKO Taldearen, dantza egiteko estilo tradizionala sustatzen eta balioan jartzen duen musikariz eta dantza maisuz osatutako kolektiboaren, eskutik erromeriaz gozatzeko interesa duten pertsona guztientzat. Igande honetako, irailaren 23ko, 10:00etatik 14:00etara, Museoaren klaustroak dantza tradizionalera hurbiltzeko beste aukera bat jasoko du, ikasketaren oinarri gisa erraztasuna eta naturaltasuna azpimarratzen dituen metodoaren bitartez. 

Ate irekiko jardunaldia duela denbora gutxi inauguratu den eta erdian Mikeldi idoloa duen klaustroko espazio estalian egingo da, goizeko hamarretatik eguerdiko ordu bietara. Lehenengo bi orduak dantza ikastaroak hartuko ditu, eta bertan, AIKO Taldeko dantza maisuek, dantzan modu naturalean eta dibertigarrian, pixkanaka, ikastea proposatzen duen euren irakaskuntza metodo berezia erakutsiko dute. “Beroketa ariketa” horien ostean, eguerdiko 12:00etatik aurrera dantzaldi erromeria ospatuko da, Aiko taldeko Sabin Bikandi (txistua eta danbolina), Alvaro García (gitarra), Txus Aranburu (akordeoia) eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) musikariekin, dantza maisu gisa arituko den Patxi Labordaren zuzendaritzapean.

AIKO Taldearen proposamen pedagogikoa ezagutzeko eta Bilboko Alde Zaharraren bihotzean igande goizaz gozatzeko aukera bikaina izateaz gain, Euskal Museoaren klaustroan ospatuko den ate irekiko jardunaldia DANTZALDI IBILTARIAren beste edizio baten aurkezpena eta aurrerapena ere izango da. Aikok astelehen guztietan, urritik ekainera, antolatzen duen urteroko ikastaroa da. 
 
Dantza klaseak astelehen guztietan, urritik ekainera 
AIKO Taldeak lankidetza akordioa lortu du euskal kulturarako enblematikoa den erakundearekin, Euskal Herriko etnografia eta historia bilduma garrantzitsuenetako bat eta aldi baterako zenbait erakusketa jasotzen dituen Euskal Museoarekin, hain zuzen ere. XVII. mendeko ikastetxe zaharreko klaustroa izango da ikasturte honetan DANTZALDI IBILTARIAren egoitza nagusia. Horrek guztiak indartu eta finkatu egiten du aurten hamaikagarren ediziora heldu den dantza tradizionalaren hedapenerako ekimena. Ekimenak BBK Fundazioaren laguntza du hasieratik. Egitasmoa, Bilbon sustatzeaz gain, Donostian (Victoria Eugenia Antzokia), Durangon (Plateruena Kafe Antzokia), Galdakaon, Gernikan eta Markina-Xemeinen ere sustatzen da.
 
Horrela, eta urriaren 1etik aurrera, Euskal Museoaren klaustroak hastapen mailako klaseak jasoko ditu astelehen guztietan 18:00etatik 19:30era eta maila aurreratukoak 19:30etik 21:00etara. Sabin Bikandi (Galdakao, 1965) musika eta dantza maisua izango da ikastaroa emango duena. Donostiako Kontserbatorioko goi-mailaren amaierako ohorezko saria eta Bilboko Kontserbatorioko ohorezko aipamena ganbera-musikan. Joxe Inazio Ansorenaren ikaslea; 1995ean Londresera joan zen graduatuondoko ikasketak amaitzera Sandrini Fundazioaren beka batekin. 1996an Etnomusikologiako Masterra amaitu zuen Goldsmiths’ Collegen. 2000n Doktore egin zen Filosofian Londresko Unibertsitatean, Berrizko (Bizkaia) danbolinteroa izan zen Alejandro Aldekoari buruzko doktoretza-tesiarekin, John Baily Doktorearen zuzendaritzapean. Irakasle aritu izan da zenbait ikastetxe, institutu, musika-eskola, kontserbatorio eta abarretan. Azken urteotan dantza tradizionaleko musika jotzen eta inprobisazioan espezializatu da. Estilo eta genero guztietako konposizioak eta moldaketak egin ditu. Max Saria 2015.

Partehartzaile bakoitzak bere mailarekin bat datorren taldean izena emateko aukera izango du. Honela, lehenengo pausoak eman nahi dituzten zaletuek Oinarrizko Dantza Ikastaroetan (dantza tradizionalean hasteko ikastaroetan) parte har dezakete. Bertan, dibertimendua xede duen ikasketa-prozesu xume baten bidez, AIKOk dantza tradizionalaren errepertorio-aukerak irakatsiko dizkiete ikasleei. Saio horietan, dantzarekin batera, gorputz-koordinazioa eta koordinazio erritmiko-musikala hobetzeko jarduerak lantzen dira, soka-dantza, jota, porrua, balsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantza, kontrapasa eta abar uztartzen dituen dantza-errepertorio aberatsari aplikatuta. Oinarrizko ezagutzak dituztenei, AIKOk zaletasuna maila bereko dantzazaleekin partekatzeko aukera eskaintzen die ‘Dantzaguneak’ deritzen dantza egiteko esparruetan, dantza-irakasle baten gidaritzapean errepertorioa praktikatu eta aberas dezaten. 
 
Erromeriak, hilabete bakoitzeko bigarren larunbatetan
Ikasketarekin batera, Euskal Museoaren klaustroak interesatuta dauden guztientzat zabalik egongo diren erromerietan aritzeko eta gozatzeko aukera eskainiko du. Hilabete bakoitzeko bigarren larunbatetan egingo dira, urritik ekainera, 19:00an. Ekimen horren bitartez, AIKO Taldeak turistak eta Museoaren bisitariak ere erakarri gura ditu, euskal kulturaren erakusketa batean parte hartzeko aukera eskainiz.
 
Tradiziozko kantu ikastaroa, Euskaltzaindian asteartetan
Euskal Museoan astelehenero eskainiko diren dantza klaseez gain, AIKO Taldeak kantu tradizional ikastaroa antolatu du Euskaltzaindiarekin batera. Ikastaro hori urritik ekainera bitarteko astearte guztietan eskainiko da, Bilboko Alde Zaharreko Plaza Barriko egoitzan, arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara. Ikastaro berezi hori emateko, AIKO Taldeak, Euskal Herriko ahozko ondarearen transmisioan espezialista aditua den Itsaso Arrieta Goiriren laguntza izango du berriro ere.

 

2018/09/23 10:03 - 16:03

Euskal Museoan Alde Zaharra

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa