Feministon Herria eguna bihar ospatuko da Bilboko Areatzan

uriola.eus 2018ko urr. 26a, 10:28

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kideek antolatu dute eguna "Gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzara" lemapean. Areatza ekintzez beteko dute: gosari feminista, solasaldiak, hitzaldiak, mahainguruak, performanceak, musika...

Herriko Emakumeen Mundu Martxako kideek urriaren 27a egun handia izango dela azpimarratu dute, Euskal Herriko Mugimendu Feministarentzat. Goizean, Alternatiba Feministen Azoka antolatu dute, Euskal Herrian martxan dauden proiektu feministak ikusarazteko: “Euskal Herri feminista eraikitzeko, bizitzako hainbat arlotan eraldaketa lanetan ari direnak izango dira protagonista”. Komunikazioan, kirolean, sorkuntzan, elikadura burujabetzan, zaintza lanetan, hezkidetzan edota hirigintzan aritzen diren 30 proiektu baino gehiago daude zerrendan, esate baterako, Turtukiña, Txakur Gorria, Emagin, Koloretxe, Mercado de las especias edota Bollopop.

Egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da gosari feministarekin, ondoren, Emakumeon Mundu Martxako Kideekin solasaldia egongo da, eta gero, mahaingurua: feministon bakea eraikitzen. Izan ere, bakerik ez dagoela azaldu dute antolatzaileek: “Gogoratu aurten beren bizi proiektua Euskal Herrian zuten 6 emakume erail dituela indarkeria matxistak. 

Hausnarketen osterako bazkaria egongo da eta arratsalderako manifestazioa deitu dute Arriagatik. “Batu indarrak, urrutira goaz! Gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzarantz” izango da leloa. Eguna bukatzeko, kontzertuak ere antolatu dituzte: Mice (Feministon Herriaren abestia Micek egin du), Sustraians, Ni yuta ni tuya eta Gora etorri. 

Antolatzaileek gogoratu dute, Feministon Herria eguna, Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko topaketen harira antolatutakoa dela. Urriaren 22tik 28ra 42 herrialdetako emakumeak etorriko dira eta bilera itxiak izango direnez, publiko zabalago bati eskainitako egitarau paraleloa da urriaren 27koa. 

Urriaren 22an, Harrera ekitaldia ere egongo da eta hau ere irekia izango da. 18:00etan Bizkaia Aretoko Koldo Mitxelenan hasiko da, baina, 17:15etan Areatzatik Martxan joateko deia luzatu dute antolatzaileek. Euskal Herriko Mugimendu feministari gonbidapena luzatzen diete bertara animatzeko.

Aste osoan zehar izango dira ekitaldiak; mahainguruak, kontzertuak eta beste hainbat gauza eta pozik agertu dira antolatzaileak datorren asterako: “gogotsu eta pozik gaude nazioarteko emakumeei harrera egin eta Euskal Herrian egiten ari garen lana erakusteko, hemen ere martxan jarraitzen dugulako, eta hala jarraituko dugulako denok aske izan arte!